Athletic eta Reala erraz nagusitu ziren, atzo, Transportes Alcaineren kontra lehena eta Sevillaren kontra bigarrena. Bizkaitarrek zazpi gol egin zituzten, eta 23. minuturako erabakita utzi zuten partida. Ordurako gol bana sartu zuten Ibarrak, Nekanek, Gimbertek eta Iraiak.
Atsedenalditik bueltan, tenore beretik jarraitu zuen norgehiagokak, eta aldea handitu zuen Athleticek. 51. minutuan bosgarrena sartu zuen Erikak, eta Nekanek seigarrena hiru minutu geroago. Nekanek itxi zuen markagailua, 80. minutuan zazpigarren gola sareratuta.
Reala ere nagusi izan zen Sevillaren aurkako partidan, eta 23. minutuan hartu zuen aurre markagailuan, Nahikarik atezainaren huts egite bat baliatuta. Naiara Beristainen erdiraketa bat baliatuta, Itxaso Uriartek egin zuen bigarrena hiru minutu geroago, eta, 37.ean, berriz, Uriartek sartu zuen hirugarrena. Bigarren zatian, Eguzkiñe Peñak egin zuen laugarren gola, 72. minutuan. Gainera, Aintzane Encinas kapitainak 300. partida jokatu zuen Realeko elastikoarekin.
Bartzelonak irabazita, Athleticek sailkapeneko buruarekiko aldea murriztu du, eta bigarren postuan jarraitzen du. Realak, berriz, zazpigarren postuan jarraitzen du, Espainiako Kopa jokatzeko aukerei eutsiz.