Athletic

Aitor Elizegi: "Iraganetik jaso dugun aurrekontu ereduari eustea oso zaila da Europan jokatu gabe"

Athleticeko presidenteak zehaztu du bazkide kuotak berrezartzearen inguruko proposamen bat aurkeztu duela zuzendaritzak, eta bazkideen ekarpenarekin osatuko dutela, gaia batzarrera eraman aurretik. 

Aitor Elizegi, Athleticeko presidentea, iazko abenduan. EFE
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 5a
14:14
Entzun

Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak prentsaurrekoa eman du goizean, eta klubaren inguruko hainbat gairi buruzko galderak erantzun ditu. COVID-19aren ondorioak klubari zenbateko kalte ekonomikoa egingo dion galdetu zaionean, ez du kopururik zehaztu, baina aurrekontu ereduaz hitz egiteko baliatu du erantzuna: "Iraganetik jaso dugun aurrekontu ereduari eustea oso zaila da Europan jokatu gabe". Aurreko zuzendaritzaren lana kritikatu du horrenbestean, baina argitu nahi izan du baieztapen horrekin ez dela esaten ari lehen taldeko jokalarien soldatak gehiegizkoak direnik, aurrekontuaren zatirik handiena horretara baitago bideratua: "Sekulako ahalegina eta lana egiten dute egunero, eta soldata justuak dituzte". Aurreko zuzendaritzatik jasotako ereduaz, zehaztu du "onartu egin" dutela horrela izatea zuzendaritzako kideek eta bazkideek, eta hori bete ahal izateko "lana eta ahalegina" egin behar dutela Athletic osatzen duten denek. 

Pandemia futbolaren munduari egiten ari zaion kaltea "orokorra" dela esan du: "Datorren denboraldia zaila egingo zaie talde batzuei". Athleticen diru sarreren zati handi bat bazkideen bidetik joaten da, eta partidetako sarrerekin: "Telebisten dirua ere garrantzitsua da, jakina, baina osasuntsuagoa da ekonomikoki autofinantzaketa edukitzea, gure kasuan bezala. Baina, egoera honetan, kaltea ere handiagoa da, San Mames itxita daukagulako".

Denboraldi honetako bazkide kuotaren zati bat haiei itzultzeko zuzendaritzak egindako proposamenaz, zehaztu du "proposamena" dela: "Egin beharra geneukan, eta egin egin dugu. Orain, bazkideen ekarpenak jasotzeko aukera ireki dugu, eta ekarpen horiekin osatuko dugu batzarrean aurkeztuko dugun proposamena". Zuzendaritzaren proposamena babestu du, eta "behar handiena" duten bazkideak erabili ditu horretarako: "Batzuek berehala behar dute babes ekonomiko hori etxean, eta beharrezkoa da aurrerapen hori jasotzea etxe batzuetan". 

Kirol arloko kontuetan, Gaizka Garitanoren kontratu berritzearen atzean zer dagoen azaldu du: "Taldeari sekulako indarra ematen dio. Klub osoak nahi zuen Gaizkak jarraitzea, eta albiste ona da Athleticen segitzea. Sekulako lana ari da egiten harrobiko gazteak profesionaltasunera gerturatzeko; asko ari zaie laguntzen. Estrategikoa da Gaizka gurekin egotea, ordenatu egiten gaituelako".

Espainiako Kopako finalaz, azaldu du  aurten izatea "nahiko" lukeela: "Athleticen nahia 2020an jokatzea da, eta espero dugu zaleekin izatea".

Lehen taldea egiten ari den lanaz, hitz politak izan ditu, eta adierazi du "animoa" oso beharrezkoa izango dela Espainiako liga osatzeko falta diren 11 partidetan: "Oso gogorra izango da, denbora gutxian jokatu beharko direlako partida asko, eta ateak itxita jokatzea zer den inork ez dakielako". Zaleak zelaietara itzultzeko aukeraz, hauxe esan du: "San Mameseko lehen partidan bazkide bakar bat sartu ahal izango balitz, ona litzateke". Athletic sartuta dago batzorde batean, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenarekin, LFPrekin, Federazioarekin eta beste hainbat talderekin batera egungo egoeraz gogoetak egiteko, eta Elizegik esan du "gure jarrera lehenbailehen zaleak itzultzearen aldekoa" dela, "zalerik gabe zaila izango delako futbolarentzat". 

Liga abian jarri eta hamabost egunera, kontratua bukatuko zaie Beñat eta Mikel San Joseri, eta ekainaren 30etik aurrera ezingo dute jokatu kontratua luzatu ezean. "Badakit Gaizkak eta Rafak [Alkorta] hitz egin dutela biekin, eta denek eskatu diegu arren eta otoi gurekin jarraitzeko, talde osoaren beharra egongo delako 11 partida hauetan". 

Datorren denboraldiko taldea nolakoa izango den ere galdetu zaio, baina ez du ezer aurreratu: "Lehendabizi, sasoi hau amaitu behar dugu, eta ikusi non gauden. Ez baita gauza bera Europan aritzea edo ez. Bestela ere, egutegi trinkoa izango da, baliteke-eta irailaren 12an hastea Liga, eta ez da ahaztu behar Eurokopa ere izango dela 2021ean, eta horrek gehiago trinkotuko digu egutegia". Horren harira, aurrerapen bat egin du: "Mahai gainean dago datorren sasoian ere jokalari deialdiak luzeak izatea, eta partidako aldaketa kopurua ere handia izatea". 

Lehen jardunaldiko ordutegian, aldaketak

Espanyol-Alaves partida ekainaren 13an jokatuko dute (larunbata), 14:00etan, eta hurrengo egunean, hilaren 14an, ordutegi bera izango du San Mameseko partidak: Athletic-Atletico Madril. Hasieran, 13:00etan jokatzekoak ziren bi norgehiagokak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.