Aitor Ocio (Gasteiz, 1976) badoa, "amets bati amaiera emanez". Athleticeko jokalariak gaur iragarri du taldea uzten duela, Bilbon emandako prentsaurrekoan. Hunkitu egin da atzelari gasteiztarra, "sentimendua oso indartsua da, nire ametsa Athleticen jokatzea zen eta zapi urtez zorte hori izan dut, momentu ahaztezinak biziz" azaldu du.
Athleticeko jokalari izateaz harro agertu da Ocio eta jarraitzaile zuri-gorrientzat esker oneko hitzak izan ditu; "une zailetan aurrera egiteko indarra eman dit euren babesak".
Beharbada, baina, Athletic eta Euskal Herria utzi arren ez dio futbolari uko eginen atzelari gasteiztarrak. Izan ere, jolasten jarraitzeko gogoekin dagoela eta AEBtatik eskaintza bat jaso duela aitortu du Ociok; baina ez du argitu zein izango den bere etorkizuna. "Nire bizitzako zati garrantzitsuena nire alaba da eta asko pentsatu behar dut halako erabakien aurrean", argitu du jokalariak.
Utzitako arrastoa
Ociok 119 partida ofizial jokatu ditu Athleticen egon den zazpi denboraldietan, 2001-2003 eta 2007-2012 bitartean. Tarte horretan Sevilla futbol taldean jokatu zuen.
Maiatzaren bukaeran Aitor Ocio, Koikili Lertxundi eta Igor Gabilondo jokalariek Athletic uzten zutela iragarri zuen taldeak. Hiru jokalariek ekainaren 30ean amaitzen dute kontratua eta ez dute berrituko. "Kolore zuri-gorriak ardurarekin buru-belarri defendatu dituztelako" hiru futbolarien lana "eskertu" zuen Athleticek bere webgune ofizialean.