Zonakako defentsa

Aitzakia alferrak, azalpen zintzoak

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Galdu edo irabazi, ikuspuntu ezberdinak. Astebururo jokatzen dira partidak, eta astebururo eratorri antzeko erreakzioak, baina harritzeko modukoa da galtzaileek aitzakia alferrak emateko duten erraztasuna. Garaileek aitzakia zintzoak emateko duten prestutasuna bezala. Fotis Katsikarisek isil-isilik esan zuen Cajasol hobea izan zela, hamar segundotan, eta bi minutu luze eman zituen epaileen jarduna kritikatzen. Dusko Ivanovic zuzenagoa da, eta bere taldeak Madrilen lortu zuen historia handirik gabeko garaipenaz hausnarketa arina egin zuen: «Gaur [herenegun], joan den asteazkenean sartu ez ziren jaurtiketak sartu dira». Arina, sinplea, baina zintzoa. Sito Alonsoren esanek azalpen zintzotik dute gehiago, aitzakia alferretik baino. Honatx haren esaldi bat: «Gertu egon gara, baina urrun ere bai, eta behin eta berriro gerturatu behar izateak nekarazi egin gaitu».

Laugarrena jarraian. Baskoniak ligan lortutako garaipenak. Datu interesgarria da, baina hobea etxetik urrun jokatutako lau partidetatik hiru irabazi dituela. Zaragozan bakarrik egin zuen kale, eta larunbatean Malagan jokatuko du. 6-2 balantzearekin dago dagoeneko, baina taldeak gauza on-onik transmititu gabe jarraitzen du. Hirukoetan asmatu edo ez, horren baitan datza bere arrakasta, eta asmatzen ez duenean ez daki beste aukerarik bilatzen. Seraphin, Dorsey, Teletovic eta beste edukita ere! Ez dago saskipeko jokorik, eta larria da hori. Balantzaren beste aldean, Baskonia ia partida guztietan zaintzan erakusten ari den sendotasuna. Bartzelonaren antzeko zenbakiak ditu jasotako puntuei dagokienez (64,8 Bartzelonak eta 65,2 Baskoniak). Abiapuntu ona da, eta eraso jokoa pixkanaka hobetuz joatea da erronka orain.

Erein, uztarik ez biltzeko. NBAk urteak daramatza iragarki bat aireratzen txapelketa haren zabalkundea lortzeko. Jokalariak ikusten dira lan saioetan, hainbat ariketa fisiko egiten, gimnasioan, baloiarekin, igeriketan, lesioak osatzeko errehabilitazioan. Jokalariek hitz bat erabiltzen dute: determination. Euskaraz ere ulerterraza: determinazioa. Gauzak ondo egiteko kemena, grina, erabakia, ausardia. Lagun Arok Madrilen izan ez zuena. Garaipena aurkariari oparituta kantxaratu baitzen. Lehen laurdeneko 25-12koak erakusten du hori. Gipuzkoarrek beste hiru laurdenak irabazi zituzten, baina lehen hamar minutukoan pilatutako hamabi puntuko kontrako aldeari buelta eman ezinik geratu ziren. Gertu egon baziren ere. Duin. Gertutasuna eta duintasuna, garaipenik ematen ez duten dohainak. Horregatik dago zuloan Lagun Aro.

Epaileek kendu eta eman egiten dute. Haien lana hobea edo txarragoa izan liteke, baina jendaurrean kritikak egiteak onura gutxi ekartzen du normalean. Epaileek prentsa irakurtzen dutelako eta hurrengo aukeran zorrotzago zainduko dutelako Gescrap Bizkaia. Katsikaris ez zen epaileekin kexatu Gasteizen, arrazoi franko izan arren, baina larunbatean, bai. Cajasolen aurka galdu egin zuelako, eta Baskoniaren aurka irabazi. Garaipenek «injustizia» oro estaltzen dutelako. Egia da Gescrap Bizkaiari falta asko adierazten dizkiotela eta taldeak puntu bateko jaurtiketa asko oparitzen dituela, baina epaileen erabaki okerrak al dira denak? Defendatzeko modua eta jokatzeko erak ez al dute eraginik? Aztertzeko modukoa da. Gescrap Bizkaiak daukan egutegia bezala. 3-5 balantzea du, eta dagoeneko joan da lehen itzuli erdia. Geratzen diren bederatzi partidetatik sei irabazi behar ditu, Espainiako Kopan sartzeko, eta hutsak egiteko tartea oso txikia da. Hauxe plana: etxean, Estudiantes, Valentzia, Caja Laboral, Lagun Aro eta Obradoiro, eta etxetik at, Fuenlabrada, CAI, Unicaja eta Valladolid.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.