Banakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketak bigarren asteburua beteko du. Gaurko eta igandeko saioak kontuan hartuta, bost kanporaketa jokatuko dira: Nagusien Multzoko bat eta Gazteen Multzoko lau. Nagusien Multzokoek zortzi enbor ebakiko dituzte: 45 ontzako bi, lau kanaerdiko eta bi 60 ontzako. Gazteek sei ebaki beharko dituzte: 45 ontzako lau eta bi kanaerdiko.
Gaur, Arratia bailaran izango da saioa, Diman hain justu. Kiroldegian ariko dira (19:00). Nagusien Multzoan Juanjo Erdozia eta Antonio Senosian lehiatuko dira. Erdoziak ia bost minutuko aldea atera zion Floresi lehen kanporaketan, eta gehiago egin zezakeela aitortu arren, nahiko txukun egin zituen epaiak. Gaur, Antonio Senosiain Olaguekoaren aurka neurtuko ditu indarrak. Senosian Euskal Herriko eta Nafarroako Maila Nagusian dago. Iaz II. Mailako txapela jantzi zuen eta Erdozia seigarren sailkatu zen; 7 minutu eta 21 segundoko aldea izan zen.Erdoziak badaki kontrarioa ez dagoela bere sasoirik onenean. «Pisu gehiegitxo dauka, baina aizkolari handia da. Bere aizkora-kolpea eta klasea nabaritu egingo da. Nik nire lana eginez gero kontent nintzateke».Beste kanporaketa Gazteen Multzoari dagokio. Herriko semeak jardungo du Eneko Larrionen aurka, Unai Aldapek alegia. Aldape 11. postuan sailkatu zen iazko III. Mailako Euskal Herriko Txapelketan eta 2 minutu eta 37 segundoko aldea kendu zion Larrioni (14. sailkatu zen). Larrion Altsasukoa (Nafarroa) da eta sarri aritzen da Amillanorekin.2001eko Euskal Herriko Aizkolari Gazteen Txapelketan, Aldape bigarren sailkatu zen Xabier Mindegiaren ondotik eta Larrion seigarren izan zen, 7 minutu eta 27 segundora.Igandeko saioari dagokionez, binakako lehiako garailea ikusteko aukera izango da Bakioko (Bizkaia) jaiguneko karpan (12:30). Xabier Mindegia Beintza-Labaiengoak David Amillano izango gu aurkari. Beraz, bi nafar aurrez aurre, eta biak, 20 urtekoak. Amillanok. Olabarria menderatu zuen igandean, 56 segundoko aldeaz. Bistan da Mindegia sasoian dagoela, eta beste kontu bat izango dela.Altsasuarrak, Mindegia ongi ezagutzen duela esan zuen: «Dezente ezagutzen dut eta laguna dut. Erakustaldi baten modukoa egitera plazaratuko gara, gozatzera eta onenak irabaz dezala». Amillanok badaki binakakoa jokatuta, Mindegiak asko hobetu duela: «Larretxearen itzalean ondo ibiltzen da. Mindegia aizkora-kolpea duen aizkolaria da eta ongi aritu da; horregatik irabazi du. Mindegiak 7 mintu eta 19 segundoko aldea atera zion Amillanori 2001eko Euskal Herriko Gazteen Txapelketan.Aurreneko kanporaketa, halere, Jose Angel Zubiaga arabarrak eta Jorge Bunes Segoviakoak (Espainia) jokatuko dute. Zubiaga III. Mailako Euskal Herriko txapelduna izan zen iaz. Bigarren kanporaketa, berriz, lehiaketako bi aizkolaririk gazteenek jokatuko dute; hots, Ugaitz Mugertza mutrikuarrak eta Jon Rekondo leitzarrak. Mugertzak iazko Euskal Herriko Gazteen Mailako txapela jantzi zuen eta Rekondo txapeldunorde izan zen; 46 segundoko aldea egon zen.
AIZKORA . Askotariko aizkolariak ikusteko aukera
Banakako Urrezko Aizkolarien lehiako 5 kanporaketa jokatuko dira gaur eta etzi, Diman eta Bakion, eta binakako txapelduna ariko da tartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu