oan zen larunbatean, Zarauzko kiroldegian: «Eman goian, zaplanetik, segi-segi, ez utzi, ez gelditu, eman Aitor, eman erdian, aldatu aizkora, eman buelta». Hori oihukatzen zuena Antonio Senosiain zen, eta aizkoran ari zena, anaia, Aitor. Ez dakigu zeinek atera zuen izerdi gehien, baina zeinek amaitu zuen eztarria urratuarekin bai: Antoniok. Hori bai, aizkolariak ari ziren esparrutik kanpo, arauak agintzen duen bezala.
Aitorrek azken aizkora-kolpeak eman arte zintzo jarraitu zituen anaiaren aholkuak, eta bere ahalmena medio, Banakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketako finalera sartzea lortu zuen, Gazteen Multzoan. Gainera, bihar Nagusien Multzoko kanporaketa jokatzeko langa ireki zuen. Lapuebla de Labarcako saioan, gainera, anaia Antoniorekin egingo du topo; Antonio Arria V.aren kontra ariko baita beste adarrean.Ondorioz, Olagueko Senosiaindarren eguna izan daiteke igandekoa; Aitorrek Azurmendi kanporatzea, baratzean amuarrainak harrapatzea bezain zaila izango dela pentsatu arren. Olague, Anue Udalerriko hiriburua da, Iruñeko Merindadean. 300 biztanle ditu, basoz inguraturik dago eta nekazaritza da bizibideetako bat. Agian, hortik datorkie Senosiaindarrei aizkorarako zaletasuna, baina ez bata ez bestea ez da basoko lanetik bizi, Antonio igeltseroa baita eta Aitor, erizaina.
Aitorrek dio irabazitakoa afarietan gastatzen dutela
Olaguen euskaraz mintzatzen den familia urrietakoa da. Aitor gaztea (28 urte) hobeto moldatzen da, baina Antonio (38 urte) gero eta hobeto mintzatzen da. «Aitor gehiago aritzen da», dio anaia zaharrenak. Antoniok aitortzen du gainera, «gogo handiagoa» jartzen duela prestatzeko. «Halere, esku huska saio bat egiten dut astean behien lagunekin, pilota eta aizkora bateragarriak ez badira ere», aitortu du.
Egia da kilo bat edo beste kentzea ongi etorriko litzaiokeela, baina lanez ere «lepo» dabilela esan digu. Prestatzeko ez dute aparteko arazo berezirik, etxetik hurbil baitute horretarako propio eraikitako txabola. «Gaur eguerdian [atzo] bertan egin dugu elkarrekin entrenamendua. Egurrak bion artean prestatzen ditugu eta biok gara elkarren entrenatzaile». Orain dela gutxi ekarri omen zuten 15.000 tonako kamioikada bat egur, hala esan digu Antoniok: «Iruñeko zerrategi batean erosi genuen, 1.200 euro ordainduta. Nahiko merke erosi genuen, bihotz gorrikoa baita. Hori bai, anaia zaharrenak ordainduta, nik alegia (irribarrez)».Aitorrek prest dituela bihotza eta birikak biharko lehiarako adierazi du irribarrez, «bihotz handikoa bainaiz». Aitorrek bi urte eman zituen erremontean jokatzen. 23 urte zituen eta Iruñeko Euskal Jai Berrin jardun zuen. «Hango prestakuntza ongi etorri zitzaidan gero. Vicente Noainek oso gustukoa zuen prestaketa fisikoa eta han jarduten geinuen gorputza astintzen».Aitorrek erabat gorpuzkera desberdina du, ez da hain handia baina bai gihartsua. Entrenamenduetan gehiago agintzen duela Antoniok dio: «Berak aholkatzen du nola jarri behar diren enborrak, berak markatzen ditu, eta baita zenbat ebaki behar diren ere». Irabaziak nola banatzen dituzten galdetuta hauxe erantzun digu: «Bazkarietan, afarietan eta horrelakoetan gastatzen dugu».
AIZKORA. BANAKAKO URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA. Anaien arteko giro gozoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu