Assa ikastolaren 25. urteurreneko ospakizunetako ekitaldi bat izango da aizkora. Aurreko kanporaketan bezala, 10 enbor ebaki beharko dituzte: lau 45 ontzako, lau kanaerdiko eta bi 60 ontzako. Azurmendi Gipuzkoako txapeldunak Txapartegi eta Barberena kanporatu zituen, eta Aitor Senosiainek, Ugaitz Mugertza eta Xabier Mindegia. Azurmendi Euskal Herriko Maila Nagusiko bost onenen artean dago, eta Senosiain II. Mailako 8 onenen artean.Berez, alde nabarmena dago bien artean, eta horregatik dio Olaguekoak «lan txukuna» egitea dela xedea, eta ahal bada, «lotsagarri» ez geratzea. «Orain lasai nago. Gaur [atzo] 25 minutuko prestaketa saio polita egin dugu, eta horrela aritzen banaiz igandean, kontent izango naiz».Azurmendirentzat konpromisozko saioa izango da. «Nire ustez badago bion artean alde pittin bat. Nire helburua Peñagarikanoren kontrako neurketa da, eta ea gustuko proba egiten dudan igandean, prestaketa gogorra egitea komeni baitzait».Bigarren kanporaketari dagokionez, Arria V.ak Iriarte harrokeria handirik gabe kanporatu zuen joan zen larunbatean, eta bihar erronka gogorra izango du. «Urduri hasi nintzen Iriarteren kontra, baina epaietan asmatu nuen eta txukun bukatu nuen. Senosiainen kontra beste zalaparta bat izango da, Antoniok maila hobea baitu. Dena den, lehen ere irabazi diot eta gustura ariko naiz».Senosiainek dio Etxebesteren kontra lehia «handiagoa» espero zuela eta Arriaren kontrako dema «arriskutsua» ikusten duela. Halere, «erritmoa hobetu» duela ere aitortu du.
-
Denborak
Aurreko kanporaketakoak
Iñaki Azurmendi: 18 m eta 20 s.
Joxe J. Barberena: 19 m eta 23 s.
Antonio Senosiain: 20 m eta 21 s.
Joxe Etxebeste: 21 m eta 42 s.