AIZKORA. BANAKO URREZKO AIZKOLARIEN LEHIKETA. Azurmendik Barberena baino hobea dela erakutsi behar du

Urrezko Aizkolarien Lehiaketan hiru kanporaketa jokatuko dira bihar

2004ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Banakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketa 2. fasean sartuko da, eta aizkolariek lan handixeagoa egin beharko dute. Lau kanporaketa jokatuko dira bihar eta etzi: bi Nagusien Multzokoari dagozkionak eta Gazteen Multzoko finalerdiak. Nagusien Multzokoek hamar enbor ebaki beharko dituzte, hots, lau 45 ontzako, lau kanaerdiko eta bi 60 ontzako. Gazteek, berriz, zortzi enbor: lau 45 ontzako, bi kanaerdiko eta bi 60 ontzako.

Biharko saioa Zarautzen (Gipuzkoa) jokatuko da. Ez da aizkorarako usadio handiko herria, baina Luis Mari Bengoak, Egurosporteko antolatzailea, ahalik eta gehien zabaldu nahi du txapelketa eta zarauzko kiroldegira helduko da bihar (19:30).Nagusien Multzoko lehian, Joxejuan Barberena eta Iñaki Azurmendi lehiatuko dira, biak ala biak Euskal Herriko Maila Nagusian diharduten aizkolariak. Hain justu, Azurmendi laugarren sailkatu zen Euskal Herriko Txapelketan eta Barberena seigarren. Gipuzkoarrak 8 minutu eta 27 segundoko aldea atera zion nafarrari.Lehiaketako lehen fasean, Azurmendik Txapartegi kanporatu zuen probaren bigarren zati sendoa eginda. Barberenak, berriz, Vicente menderatu zuen, 31segundoko aldeaz. Beruetekoa lanerdietan aurreratu zen.Urteen joanean urduritasuna ere «galdu» egiten dela aitortu du Barberenak, baina Vicenteren aurka bazuela «beldur» pittin bat Mugertzaren kontra marka «ona» egin zuelako. Azurmendiren kontrako lehiari dagokionez «beste kontu batzuk» izango direla nabarmendu du: «Errespetu handia diot, elkarren artean bai baitago koska bat. Ahal dudana egingo dut eta hortik aurrera ikusiko dugu».Azurmendik kolpe handiagoa du, eta jakina da nolako bidea egin duen hiru urteotan. Aurreko saioarekin alderatuta, 2 egur gehiago ebakiko dituzte, baina Azurmendik esan du nahiago zuela «handiak» izan balira. Beasaingoak Peñagarikanoren aurkako lehiara heltzeko xedea du.

Gazteen Multzoan berriro Arria V.a lehian

Zarauzko saioan, Aitor Senosiainek eta Xabier Mindegiak neurtuko dituzte indarrak. Senosiainek doi-doi kanporatu zuen Mugertza. Olaguekoa ez zen aritu sasoiko eta gripeak ahulezia sortarazi zion. Kolpe azkarrekoa da eta fisikoki ongi egoten da. Aurrean, aizkora era desberdineko aurkaria izango du: Mindegia. Kolpe handikoa da Beintza Labaiengoa, eta ongi erakusti du aurreko bi kanporaketetan; gorantz egiteko bidea du gainera.

Gauean (23:00), Azpeitiko Urrestilla auzoan bertako bi aizkolari ariko dira: Iriarte eta Arria V.a. Arriak ez du aspaldi jardun eta arrauneko prestakuntza du. Iriartek, berriz, bi saio jokatu ditu eta itxura ona erakutsi du. «Kolpe handia du eta mutil handia da. Kontua da, prestatuta egongo ote den jakitea», mintzo da Iriarte Arriari buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.