AIZKORA. Nafarrak finalerako toki bila

Urrezko Aizkolarien lehen finalerdia, bihar, Dulantzin: Larretxea-Mindegia eta Nazabal-Erdozia

2004ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Nafarren arteko neurketa borrokatu eta parekatua izango da Urrezko Aizkolarien Lehiaketako lehen finalerdian, bihar, Dulantziko (Araba) kiroldegian (ETB, 12:30). Hain zuzen, Floren Nazabal eta Juanjo Erdozia Etxarri-Aranazkoak, Donato Larretxea Arantzakoa eta Xabier Mindegia Beintza-Labaiengoaren kontra ariko dira.

Ohiko lau probak izango dituzte, eta final-laurdenetako kanporaketekin alderatuta, 3. eta 4. probek izango dute lan desberdina. Larretxea-Mindegia bikoak Senosiain anaiak menderatuta (11-2) lortu zuen txartela. Lehia parekatua izan zen, baina lau probatan gailendu ziren Larretxea eta Mindegia. Egur eutsiak irten ziren, eta laugarren txanda libreko proban Senosiain anaiek ez zuten asmatu epaiekin, itxi egin baitzituzten.Xabier Mindegia da bihar ariko diren lauren artean gazteena (20 urte). Kanporaketa hartan urduri samar aritu zen, eta horregatik, saiatuko dela «burua beste gauzetan» edukitzen aipatu du. Lehen aldiz ari da txapelketa honetan, eta «ilusio handiz» hartu duela ere nabarmendu du. Larretxea eta Nazabal aski ezagunak dira, eta zaila da bien arteko alderik izatea. Orain bi urte Nazabal izan zen Euskal Herriko eta Nafarroako txapelduna, eta iaz, Larretxea.

Bi gazteenen arteko lehiak erabaki dezake

Hortaz, gazteen arteko saioak erabaki dezake garailea. Erdozia (31 urte) arituagoa da eta II. Mailako Euskal Herriko Txapelketan seigarren izan zen. Mindegia, berriz, 11. sailkatu zen maila bereko kanporaketan. «Bien arteko alde hori esanguratsua izan daiteke. Erdoziak dena ongi egiten du eta ezpalik galdu gabe. Eskarmentu handiagoa du eta lasaiago jarduteko moduan da. Nik ahal dudana egingo dut Larretxeari laguntzeko». Mindegia ere bat dator, «agian», garaipenaren «gakoa» bi gazteeen artean egongo dela aipatzean.

Nazabal-Erdozia bikoak 60 ontzakoak eta laugarren probako oinbikoak plazaratuko ditu. Aurreko kanporaketan bezala, Erdozia barruko lanetan ariko da. Etxarriarrak esan du Mindegia «ongi» ariko dela eta jakinmina duela «nolako maila» eman dezakeen. Halaber, aitortu du Euskal Herriko Txapelketan Mindegia baino «hobea» izan zela, baina pittin bat «nekatzen» bada eta erritmoa «jaisten» badu, galtzeko «arriskua» izango dutela.Olasagasti-Etxebesteren aurka eginiko lanarekin nahikoa izango ote den galdetuta, hauxe erantzun du: «Orduan itxura onean aritu ginen eta aski ongi koordinatuta, eta ez genuen Espero alde hura ateratzea. Bihar, ordea, izerdi gehiago bota beharko dugu». Lanaren aldaketaz ere badu iritzia: «Guk nahiago dugu horrela, azken proban bi oinbikoak sartuta alegia, lanaluzexeagoa izango baita».

Senosiainek dio: Mindegia baino arituagoa dela Erdozia

Senosiain anaiek galdu egin zuten Larretxea eta Mindegiaren aurka, eta Aitorrek gertutik jarraitu zuen beste finalerdia ere. Iritzi hau du biharkoaz: «Saio parekatua izango da. Agian, Erdozia Mindegia baino hobeto ikusten dut, eta hori erabakigarria gerta liteke. Bestetik, Larretxea Nazabal baino egokixeago moldatzen da txanda librean; kolpe handia du. Donezteben o-so ongi utzi zizkion epaiak Mindegiari. Gainera, nabari da elkarrekin entrenatuta daudela».

-

Saioko probak



Jardunaldi bakoitzak lau proba puntuagarri izango ditu, eta puntu gehien batzen duen bikotea izango da garailea. Biko bakoitzak 15 enbor ebaki beharko ditu eta 13 puntu izango dituzte jokoan.

1. proba: Bi bikoak txanda librean oinbiko bat ebakitzera (2 puntu).

2. proba:Buruz buru kanaerdiko bat ebakitzera (puntu 1). Bikote bakoitzeko aizkolaria bestearen kontra ariko da, eta bakoitzak bina txanda egingo ditu. Lehenik, Larretxea Erdoziaren kontra. Ondoren, hurrenez hurren, Nazabal Mindegiaren aurka, Nazabal Larretxearen kontra eta Erdozia Mindegiaren aurka.

3. proba: Erreleboka bi bikoteak, 60 ontzako bi ebakitzera (2 puntu). Biko bakoitzeko aizkolariak enbor osoa ebaki beharko du kideari lekukoa eman aurretik.

4. proba: Txanda librean bi bikoak elkarren kontra, zortzi enborrera: Lau kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko (5 puntu).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.