AIZKORA. Sei kanporaketa Urrezko Lehiaketan

Nagusien Mailakoek lau saio jokatuko dituzte eta Berrien Mailakoek bi, bihar eta etzi, Asteasun eta Lekunberrin

2005eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Asteburu oparoa antolatu du Egur Sportek, buruz buruko Urrezko Aizkolarien Lehiaketa Gurea-Kaiku Sari Nagusiko sei kanporaketa antolatu baititu bihar eta etziko. Horrela, txapelketa lehen zatiaren erdialdera helduko da asteburuko jardunarekin. Antzeko zerbait gertatzen da Berrien Mailakoan. Gazteen Mailan, Ugaitz Mugertzak eta Jon Rekondok jokatuko dute finala; halaber, Berrien Mailan aritzeko txartela ere eskuratu zuten.

Biharko saioa Asteasuko (Gipuzkoa) pilotalekuan jokatuko da (23:00). Urrezko Aizkolarien Mailan, bi kanporaketa izango dira ikusgai. Bigarren adarrean, lehen aldiz plazaratuko da Joxe Etxebeste Igeldokoa, eta Juan Manuel Erasun Aiakoaren aurka ariko da; beraz, gipuzkoarren arteko norgehiagoka.Erasunek Zubiaga kanporatu zuen joan zen igandean, Bakion. Oraindik prestatu gabe dagoela erakutsi zuen, eta denbora dezente behar izan zuen zortzi enborrak mozten (21:17). Probaren azken egurrean eta kanporaketa erabakita zegoenean, esate baterako, birritan eman behar izan zuen bira epaia bukatzeko. Horregatik, pentsatzekoa da hobeto jardungo duela Etxebesteren aurka, bestela, kanporan geratzeko arriskua izango du.Beste kanporaketa laugarren adarrekoa izango da. Luismari Txapartegi Zestoakoa ere lehen aldiz plazaratuko da aurtengo lehiaketan, eta Aranberri Elorriaga Zumarragakoaren aurka neurtuko ditu indarrak. Elorriaga prestakuntza gutxirekin harrapatu zuen Kañamaresen aurkako kanporaketak, eta, galdu arren, aurrera egiteko aukera eman zion Luismari Bengoa antolatzaileak. Gero, Otaño kanporatu zuen, eta hori gertatu zenetik hiru aste igaro diren arren, badu lehiari neurria hartuta egoteko arrazoirik.Igandeko saioari dagokionez,Lekunberriko (Nafarroa) pilotalekuan jokatuko dute (12:30, ETB) Joxejuan Barberena Beruetekoa (Nafarroa) eta Fausto Mugertza Mutrikukoa (Gipuzkoa) ariko dira lehen adarreko norgehiagokan. Antzeko bi aizkolari dira. Barberenak lehen saioa izango du banakakoan, baina binakakoan ere aritu zen.Daniel Vicente Otsagikoak eta Juanjoxe Erdozia Etxarri Aranazkoak, hirugarren adarreko bigarren kanporaketa jokatuko dute. Nafarren arteko neurketa hori estua eta borrokatua izango da. Aspaldi ezagutzen dute elkar, eta sarritan aritu dira elkarren aurka; batez ere, Euskadiko II. Mailan. Erdoziak txapela jantzi zuen eta Vicente ez zen sailkatu finalera sartzeko.Zortzi enbor ebaki beharko ditu aizkolari bakoitzak lau kanporaketetan; hots, sei kanaerdiko eta bi 60 ontzako.Berrien Mailan bi kanporaketa jokatuko dira. Asteasun, bihar, Joseba Otaegi Zizurkilgoa eta Ugaitz Mugertza Mutrikukoa ariko dira gipuzkoarren arteko lehian. Oso aizkolari desberdinak dira biak ala biak. Otaegi indartsua da eta orain dela urtebete pasatxo hasitakoa aizkoran. Mugertza, berriz, ez da hain indartsua, baina gaztetxoa zenetik hasitakoa kirol horretan. Mugertzak Gazte Mailako kanporaketa jokatu zuen Aitzol Atutxaren aurka, igandean, Bakion, eta ongi nagusitu zen.Bigarren kanporaketa igandean jokatuko dute Unai Aldapek eta Jon Rekondok, Lekunbarrin. Aipaturiko bi kanporaketa horietan seina enbor ebakiko dituzte: bi 45 ontzako eta lau kanaerdiko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.