AIZKORA. URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA. MIEL MINDEGIA. «Nik ez badut esku hartzen txapelketetan, zeinek egingo die aurre handi horiei?»

KOLDO ALDUNTZIN - ZEANURI
2005eko maiatzaren 10a
00:00
Entzun


Mindegiak 56 urte ditu, baina oraindik onenen artean ikusten du bere burua. Urrezko Aizkolarien Lehiaketako finalerdia jokatuko du, eta horrekin, lehiaketako xedea bete duela nabarmendu du. Gainera, Ezkurrakoak ez du baztertu Nafarroako Txapelketan esku hartzea; baita hirugarren postuan sailkatzea ere.

Oso gutxitan altxatu zenuen burua igandean, eta une batez zeure buruari ezetz ere esan zenion?

Egia esateko, beldurrez joan nintzen proba jokatzera, saio horretan baitzegoen muga. Halere, banekien ez zirela Nazabal eta Larretxea izango kontrarioak, eta banuen itxaropenik. Horregatik, Arrospideri ondo-ondotik jarraitzea izan zen nire hasierako asmoa. Gainera, ez nengoen sasoi betean, antibiotikoak hartzen aritu bainaiz azkenaldian gerrialdeko giharrengatik. Halere, ongi aritu nintzen.

Kontrolpean izan al zenuen garaipena?

Biok bakarrik aritzearekin, dena kontrolatu nuen: noiz aldatzen zuen aizkora, noiz ari zen hatsa hartzen eta gainerakoak.

Horretan ere ikasi egiten al da?

Bai, jakina. Esaten dute beharrak erakusten duela, eta denetik izan dudanez, bada garaia zerbait ikasteko.

Zuek biok nahiko maila bertsuan zaudete; horrek ere lagunduko dizue lehiaketa gogoz hartzen.

Egia da adinean aurrera joan garela, baina edozein gazte ez da gure parera heltzen. Hori neronek esatea ez da egokia, baina hiruzpalau onenak kenduta, gainerakoak gure atzetik ibiliko ziren igandean ere.

Hain justu, finalerdietan zuk diozun on horietako baten aurka jokatu beharko duzu; zer diozu?

Onenaren aurka ere jokatu nuen ligaxkaren hasieran: Nazabalen aurka, eta orain ere edozeinen aurka jokatzeko moduan nago; norbaitek jokatu behar du.

Seguru asko Larretxea izango duzu aurkaria. Nola ikusten duzu Nafarroako txapelduna?

Badakit egun ni baino hobea dela, baina lehen ere sarritan menderatu izan dut.

Lehengo kontuak, ordea, lehengo kontuak dira, eta horiekin ez dira probak irabazten.

Baina gogoan edukiko dute. Nolanahi ere, ez litzateke harrigarria izango nik galtzea. Harrigarria da ni horien parean ibiltzea. Larretxeari dagokionez, badirudi ez dagoela ongi prestatuta, baina indar handikoa da eta ezustekoren bat emateko moduan da. Probako une batean bete egiten bada, eta arnasa hartzea lortzen badu, oso arriskutsua da, hauspo ederra baitauka eta ongi errekuperatzen baita.

Hori da, hain zuzen, azkenaldian Larretxearen hobekuntza. Hau da, saioan atzetik aritu arren, ez duela amore ematen; bat al zatoz?

Bai. Badaki besteak baino indartsuago dagoela. Nazabalek ere indartsu dihardu, eta bistan da biak helduko direla finalera.

Zuk nahikoa egin al duzu finalerdietarako sailkatzearekin?

Bai, nahikoa egin dut. Ni ibiltzen naizen bezala ibilita, zer eskatu behar zait gehiago. Astean ordu bat hartu ezinda nabil pittin bat prestatzeko, beti beste lanetan aritzen bainaiz, eta horiek ezin ditut alde batera utzi aizkoragatik. Baina, aizkora ere ez dut utzi nahi; hortxe dago koska.

Zergatik ez duzu utzi nahi aizkora?

Nik ez badut esku hartzen, zeinek egingo die aurre handi horiei?

Horretaz gain, ordea, zerbait gehiago izango duzu.

Berezko zaletasuna dut, eta sos batzuk ematen dizkigutenez pittin bat engainatzeko, horrekin aurrera egiten dut.

Beraz, aurten ere txapelketan aritzeko animoarekin zaude?

Ez daukat pentsatuta. Baina gauza bat ziur dut, berehala belarretan hasi beharko dudala, uda osorako lana baitaukat. Halere, pentsatzen dut erakustaldiren bat egingo dudala tarteka. Txapelketei dagokienez, Euskadikoan ez naiz ariko, eta Nafarroakoan, litekeena da. Hirugarren postua egiteko aukera ikusten dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.