Buruz buruko Urrezko Aizkolarien Lehiaketa Gurea-Kaiku Saria heldu den larunbatean amaituko da, Azpeitian (Gipuzkoa). Jakina den bezala, Floren Nazabal eta Donato Larretxea nafarrek jokatuko dute final hori, iaz bezala.
Gaur, ordea, hirugarren eta laugarren postuak finkatzeko norgehiagoka izango dute Asteasuko (Gipuzkoa) pilotalekuan (23:00). Joxemari Olasagastik eta Miel Mindegiak neurtuko dituzte indarrak. Hain justu, iaz ere biak aritu ziren hirugarren posturako norgehiagokan, eta Olasagastik irabazi zuen. Horregatik, Egur Sporten egungo sailkapen orokorrean hirugarren eta laugarren dira Olasagasti eta Mindegia. Lau enbor 45 ontzako, lau kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki beharko dituzte.Ez da erraza asmatzen aizkolari bakoitzak nolako gogoa izango duen gaurko saioa jokatzeko, baina hirugarren amaitzeak diru gehixeago eta izena ere ematen du. Iaz zortzina enbor ebaki zituzten, eta Olasagastik 2 minutu eta 11 segundoko aldea atera zion Mindegiari. Aurtengo lehiaketan ere sasoi hobea erakutsi du Igeldokoak.
AIZKORA. URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA. Olasagastik, hirugarren postuari eusteko dema
Iaz bezala, Urrezko Aizkolarien podiuma osatzeko neurketa izango du Mindegiarekin, gaur, Asteasun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu