Estutu egin da buruz buruko Urrezko Aizkolarien Lehiaketa Gurea Kaiku Sari Nagusiko enbutua, igande arte lau adarretanaritu zirelako eta dagoeneko bitan ari direlako. Maila Nagusiko bi kanporaketa jokatuko dira gaur eta bihar, Altsasun (Nafarroa) eta Zumaian (Gipuzkoa).
Gaurko kanporaketa Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko dute (22:30) Joxemiel Peñagarikano Beizamakoak (Gipuzkoa) eta Antonio Senosiain Olaguekoak (Nafarroa). Biek kanporaketa bana jokatu dute aurrez, joan zen igandean, Zegaman.Peñagarikanok Erdozia kanporatu zuen eta SenosiainekTxapartegi. Bi saioetan lan berdina egin zuten, eta Senosiainek Peñagarikanok baino 56 segundo lehenago amaitu zuen lana. Ohi bezala, aintzat hartu behar da bi saioetan egon zitekeen enborren aldea, baina, bistan da parekotasuna. Peñagarikano eta Senosiain iazko Maila Nagusiko Euskadiko Txapelketaren kanporaketan aritu ziren. Gipuzkoarrak ia bi minutuko aldea atera zion nafarrari, eta finalerako sailkatu zen; nafarra ez.Biharko kanporaketan gipuzkoarren arteko lehia izango da ikusgai; hots, Fausto Mugertza Mutrikukoa eta Joxe Etxebeste Igeldokoaren artekoa, Zumaiako (Gipuzkoa) Odieta pilotalekuan (12:00). Mugertzaren aurka Arria V.a zen aritzekoa, baina Egur Sport antolatzaileak azaldu duenez, Arria V.ari berriro agertu zaio bizkarreko mina eta Etxebestek ordezkatuko du, hala baitio lehiaketako arautegiak.Mugertzak bi saio jokatu ditu, eta orain dela bi aste ohiko Mugertza ikusi ahal izan zen Barberenaren aurka; hau da, amore ematen ez duena eta bizkorra. Etxebestek ere bi kanporaketa jokatu ditu, eta larunbatean galdu egin zuen Arria V.aren aurka. Biek jokaturiko azken kanporaketak kontuan hartuta, Mugertzak Etxebestek baino 19 segundo lehenago amaitu zuen lana. Maila Nagusiko bi kanporaketak zortzi enborrera izango dira: lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako.
Biharko Zumaiako jaialdi berean neurtuko dituzte indarrak Jon Rekondok eta Ugaitz Mugertzak, Gazte Mailako Urrezko Aizkolarien Lehiaketako finalean. Rekondo leitzarrak 20 urte ditu eta Mugertza mutrikuarrak 17. Rekondok gorputz handixeagoa du. Kanporaketan Aratz Mugertza kanporatu zuen nafarrak, eta horrek eman zion Berrien Mailako saioa jokatzeko aukera, Igertzaren aurka. Oso itxura ona erakutsi zuen nafarrak, Igertzaren aurka galdu egin bazuen ere.Ugaitz Mugertzak bere gogoa eta bizkortasuna erakutsiko du, ez baita amore ematen duenetakoa. Sailkatzeko kanporaketan Aitzol Atutxa kanporatu zuen. Bi 45 ontzako eta lau kanaerdikora jokatuko dute lehia.Gainera, Berrien Mailako finalean sartzeko kanporaketa izango dute Xabier Mindegia nafarrak eta Joseba Otaegi gipuzkoarrak. Otaegik gora egin du eta Mindegiak apustua galdu zuen igandean, Otañoren aurka. Bi 45 ontzako eta lau kanaerdiko ebaki beharko dituzte.
Norgehiagoka bitxia Iruntxiberrik eta Larreak
Kanako enbor bat zeinek lehenago moztu izango dute erronka Leon Albeniz Iruntxiberri-k eta Julian Larreak, bihar, Aiako (Gipuzkoa) probalekuan (17:30). Aipagarria izango da norgehiagoka biak aski helduak direlako. Iruntxiberri gipuzkoarrak 67 urte ditu eta Larrea bizkaitarrak 75. Ez dute dirurik jokatuko.
AIZKORA. URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA. Sailkatzeko azkenaurreko koska
Maila Nagusiko bi saio eta gazteen finala jokatuko dira gaur eta bihar Urrezko Aizkolarien Lehiaketan; Arria V.a ez da ariko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu