Buruz buruko Urrezko Aizkolarien Lehiaketa Gurea-Kaiku Sariko lehen finalerdia jokatuko dute Floren Nazabalek eta Joxemari Olasagastik, bihar Azkoitiko Gurea pilotalekuan (12:30, ETB). Hamabi enborrera izango dute neurketa, eta Olasagastik plazaratuko ditu 60 ontzakoak eta oinbikoak.
Sarri-sarri aritu dira elkarren aurka Nazabal eta Olasagasti azkenaldian. Iazkoari so eginda, Urrezko Lehiaketako ligaxkan 2 minutu eta 21 segundoko aldea atera zion Nazabalek Olasagastiri. Txapeldunen Ligako sailkapen ligaxkan, berriz, bost puntuko aldea atera zion Nazabalek; seitik bost proba irabazi zituen Nazabalek. Finalean lau aizkolari aritu ziren, eta Nazabalek irabazi zuen txapela 20 punturekin. Olasagasti laugarren izan zen (6 puntu). Urrezko Aizkolarien Lehiaketako sailkapen orokorrean, Nazabal lehen postuan sailkatu zen eta Olasagasti hirugarren.Euskadiko Txapelketa Nagusian ere neurtu zituzten indarrak.Kanporaketa saioan 4 minutu eta 19 segundoko aldea atera zion nafarrak gipuzkoarrari, eta finalean, 3 minutu eta 5 segundokoa; Nazabalek txapela jantzi zuen eta Olasagasti hirugarren izan zen.Bestalde, Nazabalek iaz lortu zuen lehen txapela, 2002an txapeldunorde izan ondoren. Olasagastik hiru final irabazi zituen eta bat galdu.
Nazabal nagusi azkenaldian
Aurtengo sailkapen ligaxkan ez dira elkarren aurka aritu. Jokaturiko bi saioetan, 31 minutu behar izan zituen Nazabalek batez beste lanak amaitzeko, eta Olasagastik 30 minutu eta erdi. Denborak aipatuta, Nazabalek adierazi du aintzat hartzekoak direla, baina berak zertxobait hobe zitzakeela.
Etxarri-Aranazkoak aitortu du ez duela Olasagasti lehian ikusterik izan: «Horrela da, baina denborak eta bi hilabete barru apustua jokatuko duela kontuan hartuta, ongi egongo da eta lehia honetan gauzak ongi egin nahiko ditu».Arrospideren aurkako saioan aritu zela ondoen nabarmendu du: « Gustura aritu nintzen, eta batez ere, aizkora kolpe freskoarekin. Ongi neurtu eta kontrolatu nituen indarrak eta saioa, eta hala gertatzea espero dut bihar. Halere, Olasagastik ez du deus galtzeko eta indartu egingo luke bere gogoa. Nik gehixeago dut jokoan, eta nahigabea hartuko nuke galduz gero; ez finalera sartzeagatik jaso dezakedan sariagatik, bestelako arrazoiengatik baizik».Olasagastik adierazi duongi datozkiola saio hauek apustua prestatzeko.
AIZKORA. URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA. Txapeldunak du gehien jokoan
Nazabalek Urrezko Aizkolarien Lehiaketako finalerdia jokatuko du, bihar, Olasagastiren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu