Aje gutxien duenak irabaziko du

Bolada onean daudela jokatuko dute derbia Realak eta Osasunak gaur, AnoetanKopak utzitako sentipen atseginak baliatu nahiko dituzte txuri-urdinek; gorritxoek, ordea, ahaztu egin nahi dute Kopan gertatua

Ander Altuna, Asier Legarda-Ereño
Donostia<br /><br />Iruñea
2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Aurtengo lehen derbia jokatuko dute gaur Realak eta Osasunak, Anoetan. Bi taldeek ondo amaitu zuten 2011, eta gaur bolada hori luzatzen saiatuko dira, txuri-urdinak pixkana-pixkana sailkapenean gora egiteko eta gorritxoak sailkapeneko lehen postuetara kateatzeko.

Espainiako Kopako jantziak erantzi eta ligakoak lehenbailehen soineratzea da Realaren eginkizuna. Beste modu batera esanda, bi txapelketetan lehiatzeko ahalmena baduela erakusteko parada izango du gaur Anoetan. Huts egiteko marra mehartzea komeni zaio. Datuek ez dute gezurrik esaten: Lehen Mailara igo zenetik zortzi neurketa jokatu ditu aste barruan indarrak xahutu ostean, eta behin baino ez da garaile atera. Koskortzea helburu garbi izanik, ezinbestekoa behar du izan era horretako joera pisutsuak gainetik kentzen joatea, eta hori egiteko asmotan zelairatuko dira txuri-urdinak, beharbada joko garairik gozoenean direlarik.

Azken asteetan ikusitakoaren arabera, esan liteke Philippe Montanierrek orrialde bakarrera ekarri dituela bere liburuxkan idatzitako ideia nagusiak eta zehaztu duela jokamolde eraginkorra, zirriborroei jaramonik egin gabe. Taldea erditik hauts ez zedin, aingura bota behar izan du, eta kokapen horretan Gorka Elustondoren parte hartzea funtsezkoa izan da, sendotasunaren mesedetan. Inguruko guztiak ere hazi egin direnez, eragin zuzena izan du horrek jokoaren hobekuntzan, eta, jakina, azken emaitzetan ere bai. Benetako aurrerapausoa eman eta gero, bidean aurrera egin behar orain, sailkapenak arnasa estutzen baitie oraindik gipuzkoarrei: hamabosgarren postuan dira, jaitsieratik bi puntu eskasera. Kopak xarma berezia izango du, baina lanik gaitzena ligan egitea dagokie. Gainera, Valentzia eta Atletico Madrilen aurkakoak begi zeharka ikusten dituenez, horrek are eta balio handiago aitortzen die gaur jokoan egongo diren hiru puntuei.

Urtarrileko kirol aldapa gogorra izanik, batek baino gehiagok pentsa dezake Realeko entrenatzaileak aitzakia aproposa izango duela txandakatzeen alde egiteko, baina hori hala izanda ere, beste une baterako utziko ditu ziur. Aldaketa bakarra jo daiteke segurutzat joan zen asteazkenean Kopan Mallorcari 2-0 irabazi zion hamaikakoarekin alderatuz: Bravo ariko da, Zubikarairen ordez. Carlos Martinez ez denez garaiz osatu, Estradak jarraituko du eskuinean, eta aspaldiko partez, De la Bellak ligan aritzeko aukera izango du kontrako saihetsean. Zalantza bakarra Prieto eta Velaren artean legoke, baina badirudi mexikarra aurretik dagoela, bestelako ibilia erakutsi du eta, arinagoa, freskoagoa. Erabakigarria izan da, gainera, txuri-urdinen susperraldian. Ezustekorik gabeko hamaikako bat zelairatuko du, beraz, ziurrenik Montanierrek. Hori bai, deialdian bada ezer aipatzeko: entrenatzaileak ez du sartu zerrendan Joseba Llorente. Diego Ifranek ordezkatu du. Imanol Agirretxek azkenaldian erakutsi duen sasoi bikaina kontuan hartuta, txakurra eta katua bezala ari beharko dira hondarribiarra eta uruguaitarra deialdian tokia ziurtatzeko.

Liga ez da Kopa

2012ko lehen partidan astindua hartu du Osasunak: 4-0 Bartzelonaren aurka, Kopako final-zortzirenetako joaneko partidan. Aurkaria zein zen ikusita, emaitza logikoa ere bada, ordea, eta orain ligan jarri behar du arreta Jose Luis Mendilibarren taldeak.Liga beste txapelketa bat da; ez du zerikusirik Koparekin. Orain artean sasoi bikaina egiten ari dira nafarrak txapelketarik luzeenean, gainera. Sailkapeneko bosgarren postuan dira gorritxoak, eta gaur Anoetan jokatu ostean ere sailkapeneko postu gozoenetan jarraitzea da asmoa. Denboraldia hasi zenetik hiru partida besterik ez du galdu Osasunak ligan, eta Realaren zelaian ere ez galtzea da helburua. Etxean oinarritu dute gorritxoek sasoi hasiera ona, baina Nafarroako Erresumatik kanpo ere gutxitan galdu dute, eta orain arte bezala jarraitu nahi dute nafarrek urteko lehen liga jardunaldian ere.

Orain bost denboraldiko partida dakar gogora gaur arratsaldeko norgehiagokak. Orduan ere Jose Angel Zigandaren Osasuna Miguel Anjel Lotinaren Reala baino hobeto sailkatuta iritsi zen Donostian jokatutako derbira. Gaurkoan bezalaxe, Gabonetako oporraldiaren osteko lehen jardunaldian jokatu zen derbi hura ere, 2007ko urtarrilaren 6an. Eta, Reala jaisteko postuetatik urrundu ezinda bazebilen ere, donostiarrak nagusitu ziren. Xabi Prietok aurreratu zuen Reala, penalti bidez, lehen zatian. Raul Garciak sartu zuen berdinketaren gola, bigarren zatia hasi orduko, eta amaitzeko bi minutu falta zirela, Mikel Aranburuk 2-1eko erabakigarria sartu zuen. Historia ez errepikatzea izango da gorritxoen helburua.

Hasierako hamaikakoan berritasun bat baino gehiago izango dira, eta ezustekorik ezean, Puñal, Ibrahima, Satrustegi, Lamah eta Nino, Kopan ordezkoen aulkian edo deialditik at geratuak, hasieratik ariko dira euskal derbian. Atepean nor ariko den ikusteko dago. Andres Fernandezek taldera itzuli beharko luke, baina Asier Riesgok bikain jokatu zuen Kopako norgehiagokan, eta ez litzateke harritzekoa izango Mendilibarrekatezain debarrari aukera ematea haren aurreko taldearen aurkako partidan. David Timor eta Alvaro Cejudoren artean egon daiteke beste zalantza. Timorrek jokatuz gero, Ibrahima Balde hegalean kokatu beharko du Mendilibarrek. Cejudoren alde eginez gero, berriz, senegaldarrak Ninoren atzean jokatuko luke, erdi-punta lanak egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.