Poliki-poliki Akaba Bera Bera klasiko bilakatu da Europan. Donostiako taldea Europako lehiaketetan ariko den 11. aldia da aurtengoa, seigarrena jarraian, guztiak EHF Kopan. Joan den denboraldian final-hamaseirenetara iritsi zen, baina hor Alemaniako HC Leipzigek bidea moztu zion. Sasoi honetan hori hobetzen saiatuko dira donostiarrak. Ez dute lan erraza izango, urtetik urtera gero eta maila handiagoa baitago. Aurkari samur gutxi dago jada.Zorionez, zortea izan zuten zozketan, eta lehian geratzen ziren talde apal horietako bat egokitu zaie bigarren kanporaketan: Belgikako DHW Anberes. Gaur jokatuko dute joaneko partida, Anberesen (17:00).
Akaba Bera Bera da aurrera egiteko faborito nagusia. DHW Anberesek Belgikako Liga irabazi zuen joan den denboraldian, baina hori ez da inor beldurtzeko moduko lorpena, Belgikako Liga nahiko eskasa baita. Donostiarrak, hala ere, ezin dira lasaitu, talde apala izan arren, DHW Anberes sasoian baitago: Ligako lehen lau partidak irabazi ditu, eta lider da.101 gol sartu ditu (25,2 gol partidako) eta 70 gol jaso (17,5 gol partidako). «Talde gaztea da, ziur ilusioz gainezka ariko dela. Teorian, gu gara faborito, gurea baino talde eskasagoa baita. Gaur bertan utzi nahi dugu erabakita kanporaketa, lasaiago ibiltzeko eta indarrak gordetzeko. Horretarako, indartsu atera beharko dugu lehen ordu laurdenean. Hasieratik utzi behar dugu garbi gu garela indartsuenak», aitortu zion atzo Reyes Carrere Akaba Bera Berako entrenatzaileak berriari. Carrerek bi hutsune izango ditu: Patri Pinedo eta Larreategi. Horrez gain, oso litekeena da Esme Lopezek ez jokatzea, bronkitisak jota baitago, sukarra eta guzti.
Bidasoa-Teka Asobalen eta Roquetas-Itxako ABF Ligan
Bidasoak eta Itxakok ere gaur jokatuko dute. Irundarrek Teka hartuko dute Artalekun, Asobal Ligako laugarren jardunaldian (18:30). Julian Ruizek zuzendutako taldeak joan zen larunbatean lortu zituen lehen puntuak, Almerian (Espainia) 27-30 irabazita. Gaur gauza bera egin nahi du, eta bide batez, euren zaleei sasoiko lehen garaipena eskaini. Dawid Nilsson alboko poloniarra da hutsune bakarra Irungo taldean.
Itxakok, berriz, Roquetasiegingo dio bisita (19:00). Lizarrako taldeak bikain hasi du ABF Liga, jokatu dituen bi partidak irabazi baititu. Azkenjardunaldian, gainera, garaipen bikaina lortu zuen Elda indartsuaren aurka (24-19). Veronique Demoniere ez beste, jokalari guztiak ditu prest Ambros Martinek.
ESKUBALOIA
Akabak ez du itzuliko partidara itxaron nahi
Donostiarrek DHW Anberesi egingo diote bisita gaur, EHF Kopako bigarren kanporaketako joanekoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu