Akabo Vettelen lehortea

Red Bullek urteko saio onena egin du Bahrainen, eta alemaniarrak lortu du 'pole'-a, Lewis Hamiltonen aurretik

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Sebastian Vettelek (Red Bull) urteko bere lehen pole-a lortu du Bahraingo basamortuan, eta, bidez batez, amaitu egin du orain arteko lehortea, aurreko hiru lasterketetan ez baitzen inoiz izan azkarrena sailkapen saioan. Lasterketan erritmo ona izan dute Red Bullekoek orain arte, baina sailkatze saioan burutik urrun izan dira. Vettelen posturik onena bosgarrena zen, Malaysian lortu zuena. Astebeteko tartean aurrerapauso handia eman dute, Mark Webber hirugarren izan baitzen atzo. Mercedesek neurri berean egin du behera; Txinako emaitza ona berretsi behar zuenean, hain zuzen. McLarenek ohiko lan ona bete zuen, bere bi gidariak lehen bi lerroetan sartuta: Hamilton bigarren izan da, eta Jenson Button, laugarren.

Txapelketak hirugarren liderra du Bahrainen. Lewis Hamiltonek (McLaren) hartu zuen postu hori Txinatik bueltan, eta gaur postu onetik irtengo da toki hori defendatzeko. Hondar ekaitzak etengabeak izan dira asteburu guztian, pista asko zikinduz. Hori kalte izango da McLarenekoentzat, pistaren alde zikinetik irtengo baitira. Red Bullekoek horri etekina atera eta lehen bihurgunean guztien aurretik amai dezakete, betiere Webberrek iazko irteerak hobetu baldin baditu. Zirkuituak dituen zuzengune luzeek ez lukete Red Bullen alde jokatu behar, ordea, eta McLarenekin lasterketa erritmoan oso parekatuta daudenez, borroka interesgarria izango da aurrealdean.

Nico Rosberg (Mercedes) bosgarren izan zen, bere estrategiak ez baitzion espero zuen emaitza eman. Bere nagusitasunaren sinestun, itzuli bakarrera jokatu zuen guztia, baina ez zen nahikoa azkarra izan. Lasterketa hau beharrezkoa du taldeak non kokatzen den jakiteko, orain arteko ibilbide gorabeheratsua amaitu eta egonkortu den egiaztatzeko. Atzokoa ikusita, badirudi Txinako eguzki printzak ospa egin duela. Are okerragoa izan zen eguna Michael Schumacher haren taldekidearentzat, ustez arazo batek hirugarren sailkapen saiotik kanporatu baitzuen.

Agintariek Bahraingo lasterketa herrialdean dauden istiluengandik urrundu nahi badute ere, 1 Formulak hango egoera bertatik ezagutu du. Ostegunean, Force Indiaren langileen auto batek erasoa pairatu zuen. Egoerarekin ados ez zeudela-eta, Force Indiako autoek ez zuten parte hartu bigarren saio librean, eta Bernie Ecclestoneri ez zitzaion ondo iruditu. Zigorra jaso zuten: telebista emankizunak ez zien minutu bat ere eskaini. Hori publizitatea ukatzea da, hortik bizi den kirol batean. Taldeetako zenbait langilek ere Bahrainera joateari uko egin diote, baina federazioak ez du zalantzarik izan. Interes komertzial asko ditu 1 Formulak Bahrainen.

Europatik kanpoko azkena

Bahraingoa izango da Europatik urrun jokatuko den azken lasterketa, hurrengoa Katalunian korrituko baita. Ordurako, guztiek autoetan aldaketa sakonak prest izango dituzte, eta baliteke lasterketen itxura aldatzea. Bien bitartean, Red Bullek bere bidea zuzendu eta abiadura benetan topatu ote duen ikusi beharko da. Pneumatikoek ohi baino garrantzia handiagoa izango dute: Pirellirentzat lehen lasterketa delako, eta tenperatura altuek berehala txikitzen dituztelako. Zail dirudi hiru geldialdi baino gutxiago egitea; horregatik, zenbait taldek pneumatikoak gorde nahi izan dituzte gaurko lasterketerako. Aurrekoek ez zuten ezer gorde, baina haiek dira azkarrenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.