Futbola

Akordiorako oinarria sinatu dute klubek eta emakumezko futbolariek

Ituna urtarrilaren 10aren aurretik berrestea eta behin betiko hitzarmena 15erako sinatzea espero dute aldeek

Futbolarien ordezkarien eta klubetakoen arteko negoziazioen irudi bat. KIKO HUESCA / EFE
Erredakzioa
2019ko abenduaren 20a
21:23
Entzun

Emakumezko futbolarien lehen lan itunerako akordiorako oinarrian ados jarri dira klubak eta kirolarien sindikatuak. Madrilen eginiko bileran adostu dituzte gaur agiriaren nondik norakoak. Itunak gutxieneko soldata, oporrak, lanaldiaren iraupena eta oporrak arautuko ditu, eta jokalariek lesio eta haurdunaldietan izango duten babesa zehaztuko du, besteak beste.

Ituna urtarrilaren 10aren aurretik berrestea eta behin betiko hitzarmena 15erako sinatzea espero dutela esan dute aldeek.
Ez da erraza izan bidea. Izan ere, kluben elkarteak eta sindikatuek 29 bilera egin dituzte azken urte honetan. Bi aldiz esku hartu behar izan du Lan Bitartekaritzak, eta bost aldiz bildu ditu aldeak Espainiako Gobernuak.
Lortutakoa akordiorako oinarrien arabera, adostuta daude dagoeneko futbolariek eskatzen zituzten puntu nagusiak. Horren arabera, jardun osoko kontratua duten futbolariek 16.000 euroko gutxieneko soldata izango dute urtean; %75ekoa dutenek, berriz, 12.000 eurokoa. Hain zuzen ere, kontratuen partzialtasuna izan da desadostasun iturri nagusia negoziazioen zehar. Izan ere, jokalariek ez zuten %75eakoa baino baxuagoa izatea nahi, horrek eragin zuzena baitu haien kotizazio urteetan, eta gaixoaldian kobratzen duten soldatan.
Kluben elkarteak, ordea, %50ekoa izatea nahi zuen. Argudiatzen zuen txapelketak ez zuela behar beste diru sortzen, partzialtasuna %50etik %75era igotzeak klubei eragingo dien gastuari heltzeko. Futbolariek salatzen zuten, ordea, klubek ez zizkietela zenbakiak erakusten.
Horri lotuta, gaixoaldi kasuetan edo ezintasun partzial kasuetan soldata osoa kobratzea ere jasoko da hitzarmenean. Gainera, heriotza eta elbarritasun kasu iraunkorretarako aseguru bat egongo da. 90.000 eta 60.000 euroko kalte-ordainak aurreikusten dira hurrenez hurrez egoera horietarako.
 

Haurdunaldi kasuak

Baina beste hainbat puntu garrantzitsu ere jasotzen ditu lan hitzarmenak. Horien artean daude, esaterako, lan jazarpen eta haurdunaldi kasuetarako protokoloa. Izan ere, egun jokalariek, haurdun geratuz gero ez dute babesik, klubak kanporatzea erabakiz gero.
Oporrak ere arautuko dira lan hitzarmenari esker. Horren arabera, jokalariek 30 eguneko oporraldia izango dute, horietatik hiru jarraian eta udan, eta eguberritan ere etenaldia izango dute, Lan hitzarmenak atzera eraginkortasuna izango du, uztailaren 1etik aurrera, eta ekainaren 30era arteko iraupena izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.