Akziodunen erabateko babesa jaso du Realeko zuzendaritzak

%95,98ko aldeko botoa jasota, gutxienez beste bi urtez jarraituko du ardura karguan Jokin Aperribairen taldeak

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
%95,98. Horixe izan zen Jokin Aperribai buru duen taldeak jaso zuen babesik apalena. Horrekin dena esanda dago. Akziodunen Batzar Orokorra egin zuen atzo iluntzean Realak, eta, azken bi urteetako ildoari jarraituta, akziodunen erabateko babesa jaso zuen zuzendaritzak. Akziodunen %97,01eko babesarekin onartu zituzten 2010-2011 sasoiko kontuak; %96,70eko babesarekin 2011-2012 denboraldiko aurrekontua —40 milioi eurokoa—; akziodunen %95,98k berretsi zuten egungo zuzendaritza; eta %96,55ek eman zien babesa lortutako akordioak gauzatzeko. Kirol arloko krisiak eraginik izango ote zuen zalantza txiki bat bazegoen, baina Aperribairen taldeak arratsalde lasaia izan zuen.

229 lagun besterik ez ziren bertaratu Donostiako belodromora, eta guztira 47.825 akzio zeuden ordezkatuta, %36,35 alegia. Iazko kopuruaren oso antzekoa da hori. Aste honetan BERRIAri adierazi dion moduan, klubaren azpiegiturak indartzeko beharra daukatela azpimarratu zuen Aperribaik bere hitzaldian. Bi bide argi marraztu zituen hori gauzatzeko: telebista eskubide berrien beharra, eta zelaiaren eraberritzea. Beste hausnarketa bat ere egin zuen Realeko presidenteak: «Hazteko beharra daukagu, azken 21 denboraldietan bost aldiz bakarrik sailkatu garelako lehen hamarren artean».

Montanierren defentsa

Galdera-erantzunetan akziodunetako batzuk haserre mintzatu ziren arren, klubaren hazkunde horretarako presidenteak ezinbestekotzat jo zuen sasoi honetan bazkideen abonua %5 igotzea. Datuekin saiatu zen gaiztotuta zegoen giroa lasaitzen. «Denboraldi bakoitzean zazpi milioi euro eskuratzen ditugu bazkideen abonuekin, eta Sevillak eta Athleticek 20 milioi euro jasotzen dituzte 9.000 bazkide gehiagorekin. Oso merkea da Reala ikustea».

Philippe Montanier ere sutsuki defendatu zuen Aperribaik, kontseilua eta jokalariak berekin daudela argituta. «Rayo Vallecanoren aurka galduta ere ez dugu kargutik kenduko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.