Alaitasunaren aurka

Luis Fernandezek Betisi alaitasuna eman diola onartu arren, Osasunaren helburua gora begiratzea da

2007ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun


Luis Fernandezek Betisi alaitasuna eman diola onartu arren, Osasunaren helburua gora begiratzea da
asier legarda-ereño

Iruñea

Gabonetan Jabo Iruretak Betis entrenatzen jarraituko ez zuela baieztatu zutenetik, espainiarrek beste aldarte bat dutela dirudi. Manuel Ruiz de Loperak, Betiseko agintari nagusiak, goraipatu egin zuen Irureta haren agurrean, eta Irungoa gizon portatu zela azpimarratu zuen behin eta berriz. Entrenatzaile berriarentzat, Luis Fernandezentzat, ordea, are eta laudorio gehiago gorde zituen Loperak. Jokalariek ere Irureta eta Fernandez gauaren eta egunaren pare jarri dituzte. Iruretarekin Betiseko aldagelan tristura barreiatu zen, nonbait. Eta badirudi euskaldunaren izaera baino egokiagoa dela frantziarrarena. «Andaluzian ezinbestekoa da alaitasuna, eta Luis Fernandezek jokalarien aldartea goitik behera aldatu du», esan du Loperak.

Emaitzek arrazoia ematen diote: Celtaren aurka 1-0 irabazi zuen Betisek asteburuan, eta Kopan Real Madrilen aurka 0-0ekoa eskuratu zuen, itxura ona emanez. Entrenatzaile frantziarrarentzat Nafarroako Erresuma zelaikoa izango da etxetik kanpoko lehen lehia, nolanahi. Eta Betisekoen orain arteko alaitasuna zapuztu nahi die Jose Angel Zigandak.

Larraintzarko entrenatzaileak ez du uste Irureta zenik Betisen gaitz bakarra, eta espainiarren gabeziak agerian uzteko asmoz prestatu du gaur arratsaldeko erronka: «Luis ezagutzen dugu [bera zein Goikoetxea Fernandezen aginduetara aritutakoak dira Athleticen, 1996-1997 eta 1997-1998 denboraldietan Zigandaren kasuan], eta badakigu oso izaera irekia eta alaia daukala. Horrek mesede egin ahal dio egoera zailean den taldeari, eta entrenatzaile aldaketarekin beste motibazio bat antzeman zaie Betiseko jokalariei, jarrera solidarioagoa nabaritzen da, entrenatzaile aldaketa bat izaten denean beti gertatu ohi den bezala. Dena dela, Iruretaren aginduetara lan egiteko aukera ere izan dut nik, eta Jabo eta Luis oso ezberdinak izan arren, biak entrenatzaile itzelak direla esango nuke. Bien ibilbidea hor dago». Betis estu hartzeko zer egin behar duten badaki Zigandak. «Aurrean arinago amaitu behar dira jokaldiak».

Orain hamar urte bere entrenatzailea zenari Betisekin lehen porrota dastarazi nahi dio Zigandak, taldea gora begira jarri ahal izateko: «Irabaziz gero, urtarrilean ez dugula irabazten esateari utziko diozue, baina batik bat jaitsiera postuak ia 10 puntura uzteko aukera izango dugu jokoan Betisen aurka. Oraindik Liga amaitzeko asko falta da, baina Betisi irabaziz gero, gora begira jar gaitezke. Orain, zeharka bada ere, behera begira gaude, eta irabaziz gero, tarte polita izango dugu beheko postuetan diren taldeekiko. Jokalarien jarreran hori nabaritzea espero dut».

Zigandak Anoetan hasieratik zelairatu zuen hamaikakoaren alde egingo du gaurko partidan ere, eta aldaketa bakarra izango da hasieratik: Javad Nekunam irandarraren postuan, Raul Garcia izango da euskarrian Patxi Puñalen laguna. Vila-realen, hasieratik aritu zen, eta Atletico Madrilen aurkako Kopako lehian ere partida osoa jokatu zuen, baina Raul Garciak etxean hasieratik jokatu zuen azken aldia orain bi hilabete pasa izan zen: Real Madrilen aurka 1-4 galdutako lehian aritu zen azken aldiz hasieratik Nafarroako Erresuman, azaroaren 12an. Valdo ere aspaldiko partez sartu da deialdian, behin lesioa gainditu eta gero itzultzeko prest baitago.



OSASUNA, MUNDUKO ONENA. Nazioarteko Futbol Historia eta Estatistika Federazioak Osasuna izendatu du abenduko munduko talderik onena. Espainiako Ligan lortutako lau garaipenek eta UEFA Kopan lortutakoak eman diote titulua. Hilero osatzen du zerrenda, eta talde bakoitzak parte hartzen duen txapelketaren arabera ematen ditu puntuak. Sailkapenean 65. postuan da.



cesar krutxaga Osasunako kapitaina

«Betisek beldurra ematen dit»

A. L.

Iruñea

Lehen Mailan 200. partida jokatzear dela, baikor da Krutxaga, baina Betisen aurkako lehiaren zailtasuna azpimarratu du, badaezpada.

Behingoz urtarrilean irabazteko zer egin behar da?

Orain arte bezain ongi jokatu. Azken bi partidetan ez dugu emaitza onik lortu, baina oporraldiaren ostean ongi itzuli garela uste dut.

Betis larri dabil.

Bai, hor behean dago, baina beldurra ematen dit. Jendeak uste duen baino gogorragoa izango da Betis mendean hartzea.

Luis Fernandezekin alaiago daude.

Entrenatzaileak baino gehiago, Celtaren aurka lortu zituzten hiru puntuek emango zieten alaitasuna. Orain badirudi Betisen egoeraren errudun bakarra lehen zuten entrenatzailea zela, baina, nire ustez, astebetean ezer gutxi alda dezake entrenatzaileak.

Lehen Mailan 200. partida jokatu behar duzu. Zer pentsatu ematen dizu?

Datuak dira, zenbakiak besterik ez. Agian, zuek jokalariok baino garrantzi handiagoa ematen diezue halako kontuei. 10 urte daramatzat Osasunaren lehen taldean eta 200. partida da Lehen Mailan. Poztekoa da, noski.

Ekainean amaituko zaizun kontratua berritu nahi omen dizu klubak.

Ilusio handiarekin ari naiz berriro futbolean, baina gai horri buruz ez dakit ezer. Nire ekarpena ona izan dela uste badute, klubean ez da arazorik izango, baina lasai nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.