Brasilek bi betebehar izan ditu betidanik: irabaztea eta ikusleak gozaraztea. Aurrenekoak bere horretan jarraitzen du. Bigarrena, aldiz, galdu egin da, are gehiago 2006ko Alemaniako Munduko Kopa jokatuta, Dungak Brasileko aulkian Carlos Alberto Parreira ordezkatu zuenetik.
Dungak sendotasunaren alde egin du, jogo bonito-aren kaltean. Apustu horrek inor gutxi hartu du ustekabean, ez behintzat hura jokatzen ikusi zutenak. 1994ko AEBetako Munduko Kopa irabazi zuen selekzioko kapitaina izan zen Dunga. Parreirak entrenatutako selekzio hori izan da ziurrenik Brasilek historian izandako selekzio ezohikoena. Ezohikoena, lehenbiziko aldiz, alaitasunari, magiari mugak jarri zitzaizkiolako, ordenaren mesedetan. Eta estilo horretan ezin hobeto moldatu zen Dunga. Ordurako Europan -Italian eta Alemanian- jokatzen zeramatzan zazpi denboraldiak eskola bikaina ziren. Ondoan, gainera, erdilari bikainak bezain langileak zituen: Mazinho eta Mauro Silva. Hiruren artean egiten zuten lan zikina, gero Bebeto eta Romario nabarmendu zitezen. Lanak fruitua eman zuen: txapeldun izan zen Brasil, 24 urteren ondoren.
Ordukoa oso gogoan du Dungak. Sinetsita dago hori dela bidea berriz ere goia jotzeko. Ez du zalantzarik izan, eta ez da kikildu bere estiloak Brasilgo futbolaren funtsari traizio egiten diola leporatu diotenean. Ezta deialdia egiterakoan Ronaldo, Ronaldinho, Adriano edo Pato kanpoan utzi zituenean ere. Emaitzek ere lagundu diote: Amerika Kopa eta Kontinente Arteko Kopa irabazi ditu Brasilek bere aginduetara, eta erraz sailkatu zen Munduko Koparako.
Giharra, magiaren gainetik
Brasilek Hegoafrikara eraman duen taldea ikusi besterik ez dago Dunga bere filosofiari, bere estiloari leialzaiola ikusteko. Giharra dago magiaren gainetik. Helburua? Talde gogorra, sendoa egitea. Finean, 1994an AEBetako Munduko Kopan titulua eskuratu zuenaren kopia bat egitea. Orduko taldeak ere kritikak jaso zituen, ez omen zuelako ikuskizuna ematen. Kritika horiek guztiak, baina, azkar isilduz joan ziren lehiaketak aurrera egin ahala, harik eta erabat isildu ziren arte. Titulua irabaziz gero, inor gutxi gogoratzen baita nola irabazi den. Eta horixe egin nahi du Dungak hamasei urte geroago.
Talde onak atezain bikain batekin hasten dira, eta Brasilek badu: Julio Cesar. Eskarmentu handiko defentsa dago haren aurrean. Maicon eta Michel Bastos dira hegalekoak, azkarrak biak, bereziki lehenbizikoa. Ez da defentsa lana euren dohaina. Horretarako daude Juan eta Lucio erdiko atzelari beteranoak. Zelai erdian dago aldaketa, aurreko ekitaldiekin alderatuta. Ez dago sortzaile finik, bai, ordea, giharra eta indarra: Elano, Felipe Melo, Gilberto Silva... Magia nahi duenak aurrerago begiratu beharko du, Kakari eta Robinhori. Luis Fabiano izango da jokalaririk aurreratuena, aurrelari ona, baina distira gutxikoa Ronaldorekin edo Adrianorekin alderatuta. Dungari berdin dio. Taldea dago izarren gainetik.
Historian
Txapelketa. Postua.2006. 1/4
2002. Txapelduna
1998. Txapeldunordea
1994. Txapelduna
1990. 1/8
1986. 1/4
1982. 1/4
1978. 1/2
1974. 1/2
1970. Txapelduna
1966. Sailkapen fasea
1962. Txapelduna
1958. Txapelduna
1954. 1/4
1950. Txapeldunordea
1938. 1/2
1934. Sailkapen fasea
1930. Sailkapen fasea
Sailkatzeko
Taldea. Puntuak.1. Brasil. 34 puntu
2. Txile . 33 pt.
3. Paraguai. 33 pt.
4. Argentina. 28 pt.
5. Uruguai. 24 pt.
6. Ekuador . 23 pt.
7. Kolonbia . 23 pt.
8. Venezuela. 22 pt.
9. Bolivia. 15 pt.
10. Peru. 13 pt.