Julian Alaphilippek (Quick Stepek) eta Anna Van der Breggenek (Boels) irabazi dute Fleche Wallonne Klasikoa. Alaphilippek Huyko hormako helmugan besoak altxatzen dituen lehen aldia da, Van der Breggenentzat, aldiz, laugarrena da. Garaipen horrekin, herbeheretarrak Marianne Vosen marka berdindu du.
Ohikoa denez, bi lasterketak azken igoera pikoan erabaki dira, eta bietan indartsuenek irabazi dute. Hankak estrategia baino garrantzitsuagoak izan dira. Gizonezkoetan Alaphillippek helmugatik 250 metrora jotako erasoari esker irabazi du. Bere atzetik Alejando Valverde (Movistar) sartu da, aurreko lau aldietako irabazlea. Atzetik aurrera egin du, baina Alaphilippen erritmoa biziegia zen eta ezin izan du ehizatu. Lau segundora helmugaratu da. Hirugarren, aldiz, Jelle Vanendert (Lotto) izan da, sei segundora. Igoera ausarta egin du, baina ez du saririk jaso.
Mikel Landak (Movistar) lan handia egin du Valverderen mesedetan, hala ere, lehen euskal herritarra Gorka Izagirre izan da: 38. 1.34ra. Landa 42. izan da, 1.59ra.
Emakumezkoetan Van der Breggenek (Boels) ez du kale egin urtero hiztorduarekin. Irabazlea multzo txiki batean iritsi da azken aldapa mitikora, eta bera izan da bizkorrena azken metroetan. 28 urte bete ditu gaur, eta helmugan besoak altxatuz ospatu du. Bigarren Asheley Moolman (Cervelo) izan da, bi segundora, eta hirugarren Megan Guarnier (Boelsa) denbora berean.
Bi euskal herritarrek hartu dute parte. Ane Santesteban (Cipollini) 16. izan da helmugan, 37 segundora. Errenteriarra ausart aritu da, eguneko ihesaldietako batean sartuz. Lourde Oiarbide, berriz, 76. izan da, 8.50era.