Quick Step taldeko txirrindulariak gainean zituen begirada guztiak, baina ez dio axola izan. Murgil tontorrean Mollemarekin (Trek) batera ihes egin, eta esprintean garaitu du Bulebarrean. Lasterketa azken hemeretzi kilometroetan zela, tropel nagusian egon den eroriko handiak baldintzatu du hein handi batean amaiera. Erori direnen artean zeuden, besteak beste Mikel Landa (Movistar), Egan Bernal (Sky), Primoz Roglic (Lotto Jumbo) eta Gorka Izagirre (Bahrain). Denak ere, lasterketa lehiatzeko hautagaiak ziren. Hala ere, eguneko azken igoera hurbildu heinean, pasatu dira tropel burura beste zenbait faborito. Pello Bilbaok (Astana) hartu du talde nagusiko ardura Omar Fraile taldekidearen mesedetan. Santurtziko txirrindularia ahalegindu bada ere, txirrindulari arinagoen erritmo aldaketei ezin izan die eutsi. Antwan Tolhoek (Lotto Jumbo) izan da metro batzuk hartu dituen lehena. Hari, Rudy Molard (FDJ) gerturatu zaio. Tarte txukuna ireki dutela zirudienean, agertu dira erritmo bizi-bizian Mollema eta Alaphilippe. Ion Izagirre (Bahrain) eta Greg van Avavermaet saiatu badira ere, ezin izan dute zuloa itxi. Izagirre, zazpigarren sailkatu da.
Faboritoen arteko lehia, Jaizkibelera eta Arkalera eginiko bigarren igoeretan hasi da. Aurrenekoan, Sky taldeak jarri du erritmoa. Bigarrenean, aldiz, kontrol eza izan da nagusi, eta mugimendu ugari egin dituzte txirrindulariek. Tartean, Pierre Roger Latour (Ag2r), Igor Anton (Dimension Data) eta Pieter Serry (Quick Step). Ahalegin ugari eginagatik, inork ezin izan du zulorik ireki.
Egunean zehar, Euskadi Murias izan da protagonista. Cyril Barthe, Sergio Rodrigez eta Aritz Bagues izan dira, sei kidez osatutako ihesaldian. Haiekin izan dira Loic Chetout baionarra (Cofidis), Lluis Mas (Caja Rural) eta Pablo Torres (Burgos BH). Barthe izan da buruan gehien iraun duena, eta harentzat izan da mendiko saria.