Denboraldia ez da ondo hasi Alavesentzat. Lehen bi jardunaldietan 1-4 eta 0-1 galdu ostean, hirugarrengoan 3-0 galdu du Valentziaren aurka. Bi taldeek joko zuzena egin dute, baloia aurrelariei helaraziz, baina etxekoek nahikoa eginez irabazi dute, eta Alavesek punturik bildu gabe jarraitzen du.
Lehen zatian, Alavesek gehiago izan du baloia oinen artean, baina eraginkortasun gutxi erakutsi du. Aipatzekoa da denboraldiko lehen hiru partidetan gol bakarra sartu dutela gasteiztarrek, eta gol hori penaltiz sartu zuela Joseluk, Real Madrilen aurka, lehen partidan.
Miazga jokalari fitxatu berria zelairatu du Javier Calleja entrenatzaileak hasierako hamaikakoan. Lejeunerekin osatu du erdiko atzelarien bikotea, eta biek txartel hori banarekin amaitu dute partida. Baita Pacheco atezainak ere. Aurrean, berriz, Guidetti eta Joselu atera ditu Callejak.
Hasi eta berehala jarri zaio partida aldapa gora. Laugarren minutuan sartu du lehen gola Daniel Wassek. Alavesek, ordea, zelaian lekua hartzen jakin du gero, eta, Valentziak joko zuzena egin arren, lehen zatiak aurrera egin ahala, geroz eta gehiago kosta zaio gora iristea. Hala ere, lehen zatia amaitzear zela, 49. minutuan, bigarren gola sartu du.Bi golak, beraz, une erabakigarrietan jaso ditu Alavesek.
Callejak Luis Rioja zelairatu du bigarren zatian, eta taldeak itxura hobea eman du. Atsedenaldiaren ostean erasokorrago aritu da Alaves, baina Valentziak ez dio jokatzen utzi, eta, hori gutxi balitz bezala, 61. minutuan Guedesek valentziarren hirugarren gola sartu du. Valentzia ez da askoz ere gehiago izan zelaian, baina egin behar zuena egin du, eta hiru puntuak irabazi ditu.