Gertu ditu Alavesek datorren denboraldian Txapeldunen Liga jokatzeko postuak. Gaur Huescaren futbol zelaian irabazi du, eta gaurkoarekin sei jardunaldi dira partidarik galdu gabe daramatzanak. Azkena da Huesca sailkapenean, eta Alavesek ere, aurretik zelai horretatik pasa diren beste talde batzuek bezala, talde horrek dituen gabeziak agerian utzi ditu.
Hala ere, partidaren amaieran lortu dute arabarrek irabaztea. Bana zihoazela bi gol sartu dituzte azken minutuetan. Lehen zatian talde bakoitzaren aldeko penalti banaz gain nabarmentzeko gutxi egon da. Indartsu eta zorrotz jokatu dute bi taldeek, eta bat bestearen aurrean ezin izan dute hiru pase jarraian eman. Bigarren zatian Huescak gora egin du jakinda berdinketak ez ziola askorako balio, eta horrek aukerak eman dizkio Alavesi.
Huescak izan ditu bigarren zatian markagailuan aurretik jartzeko aukerak, baina azkenean John Guidetti Alavesekoak hautsi du banako berdinketa korner batean 80. minutuan. Sei minutu geroago Mubarak Wakasok erdiratu eta Calleri izan da 1-3koa egin duena.