FUTBOLA

Alavesek ez du aukerarik izan Getafen (4-1)

Gasteizko taldeak oso partida txarra jokatu du, eta lehen hamar minutuak jokatu aurretik bi gol zen atzetik. De Biasi gogor mintzatu da jokalarien aurka. 

2017ko azaroaren 18a
18:30
Entzun

Alaveseko zale bat baino gehiagori kontrako eztarritik sartuko zitzaion bazkaria euren taldeak Getafen (Espainia) egindako partida ikusita. Oso gaizki aritu da Gianni de Biasik entrenatutako taldea, eta Getafetik punturen batekin itzultzeko aukera txikiena ere ez du izan. Hasi eta berehala jarri zaio maldan gora neurketa, Markel Bergarak etxekoen lehen gola sartu baitu bosgarren minutuan, buruz. Kolpe gogorra izan da, baina txikia hiru minutu geroago gertatu denarekin alderatuta. Izan ere, Rodrigo Elyk penaltia egin dio Jorge Molinari, eta aurrelariak bigarren gola sartu du.

De Biasik aldaketak egin ditu bigarren zati hasieran, baina alferrik. Angelek hirugarren gola sartu du 52. minutuan, eta erabakita utzi du norgehiagoka. Gol horrek erabat jota utzi du Alaves, eta Angelek berak ederki aprobetxatu du hamar minutu geroago laugarren gola sartzeko. Arabarrek ez dute suspertzeko gaitasunik erakutsi. Gol bat sartu dute, Christian Santosek, 81. minutuan, baina berandu zen jada.

Neurketa amaieran, oso haserre mintzatu da Alaveseko entrenatzailea. “Lotsa eman dit egin dugun lanak. Ez dugu ezer ulertu horrela jokatuta mailari eutsi nahi badiogu”, esan du De Biasik.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.