Futbola

Alavesek galdu egin du etxean, Eibarrek puntua atera Valentzian

Partida zaila zeukaten biek ala biek, eta bietako inork ezin izan du irabazi.

Alaves eta Atletico Madrilen arteko partida. JUANAN RUIZ, FOKU
2018ko apirilaren 29a
11:08
Entzun

Alavesek ligan bigarren doana hartu du etxean, Atletico de Madrid. Datorren ostegunean Europa Ligako partida jokatu behar dute, eta Simeonek jokalari batzuk gorde egin ditu. Jokoaren ekimena madrildarrena izan da denborarik gehienean, baina bi taldeek izan dituzte gol aukerak lehen zatian, baina huts eta hutsekoarekin joan dira atsedenaldira. Bigarren zatian, ordu laurdena bete gabe zegoela, epaileak penaltia adierazi du madrildarren alde; Fernando Torresek jaurti du eta Fernando Pachecok gelditu. Handik gutxira aukera ederra izan dute arabarrek aurretik jartzeko, baina ezin. Azkenean, ordu laurden falta zenean, epaileak beste penalti bat adierazi du madrildarren alde, eta oraingoan Gameirok ez du huts egin. Saiatu dira berdintzen Abelardoren jokalariak, baina 0-1 bukatu da partida.

Eibarrek, aldiz, Championsen sartzea erabat ziurtatu gabe daukan Valentziaren etxean jokatu du. Antzeman da bai, etxekoek gogoa erakutsi baitute, baina baita irabazteko presa ere. Mendilibarren taldeak ondo eutsi dio, ordenatuta, eta lehen zatiko aukerarik onena eurek izan dute gainera, Pedro Leonek ateratako falta batekin. Bigarren zatian gehiago izan da Valentzia, nagusitu egin dira jokoan, baina ez dute asmatu gola egiten, defentsan ondo aritu da Eibar, eta azkenean huts eta huts amaitu da partida.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.