FUTBOLA

Alavesek garaipen handia lortu du Real Madrilen aurka (1-0)

Manu Garciak 95. minutuan sartutako golari esker nagusitu da Gasteizko taldea, eta hirugarren postuan da sailkapenean. 

2018ko urriaren 6a
08:15
Entzun

87 urteko bolada eten du Alavesek gaur Mendizorrotzan Real Madrili irabazita. Izan ere, 1931ko martxoaren 8an nagusitu zitzaion azken aldiz Espainiako taldeari bere zaleen aurrean: 2-0. Baltasar Albenizek sartu zituen neurketa horretako bi golak. Gaur, ordea, Manu Garcia izan da heroia. Gasteizko taldeko kapitainak sartu du neurketako gol bakarra, 95. minutuan, partidako azken jokaldian. Buruz egin du gola, korner batean. 

Alaveseko jokalariek partida ederra egin dute, hasi eta buka. Ondo eutsi diote koska bat gorago dagoen aurkariari. Are gehiago, talderen batek gola sartzeko aukera garbiak izan baldin baditu, hori etxeko taldea izan da. Beraz, Manu Garciak azken unean egindako golak justizia egin du. 

Garaipenari esker, Alavesek jauzia eman du sailkapenean. Hirugarren da orain, hamalau punturekin. Bartzelonarekin eta Real Madrilekin berdinduta dago, baina haiek baino gol alde okerragoa du. Gainera, Kataluniako taldeak partida bat gutxiago jokatu du. Berdin dio, Abelardo Fernandezek entrenatutako taldea egoera bikainean iritsiko baita bi asteko etenaldira. Gustura hartuko dute atseden gasteiztarrek. Sasoi hasiera ederra ari dira egiten. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.