Alavesek zail izango du gaur behetik gorako bideari ekitea, Xerezen aurka

Ligako lehena jasoko du Mendizorrotzan. Cesar eta Bernardo hasieratik ariko dira, eta Llorente zigortuta dago

2009ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Alavesek puntuen premia bizia du. Liga azken txanpara iritsi da, eta putzuan sartuta jarraitzen du. Gero eta ilunago dago egoera, eta argia erabat itzali aurretik atera behar du hortik Gasteizko taldeak. Jaitsiera postuetatik ihes egiteko aukerak baliatu behar ditu, eta puntuak batzen joan. Hori izango du gaurko asmoa. Xerezen aurka jokatuko du partida, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Mendizorrotzan.

Xerez aurkari gogorra izango da. Andaluziako taldea Ligako buruan dago, baina Teneriferen hatsa sumatzen du gertu eta irabaztera etorriko da. Alaveseko entrenatzaileak, Javi Lopezek, partida zaila izango dela azpimarratu zuen atzo: «Xerez zer-nolako taldea den eta zein puntutan dagoen sailkapenak berak erakusten du. Halere, edozeinek edozeini irabaz diezaioke bigarren mailan. Xerezek ahulguneak ditu, eta horiek aztertu ditugu aste osoan».

«30 puntu gelditzen dira jokatzeko, eta Xerezen aurkako hirurak dira orain garrantzitsuenak», gaineratu zuen Lopezek. Llorentek ezingo du jokatu, zigortuta baitago. Cesar osatu berria dago, eta defentsan jokatzeko aukera izango du, erdian edo eskuin hegalean. Hegalean jokatzen badu, Casarrek jokatuko du erdian, eta, erdian aritzen bada, berriz, Kalderonek jokatuko du hegalean. Emiliok eta Astudillok izango dute jokoa antolatzeko ardura. Cuevas eskuinean ariko da, eta Moreno, ezkerrean. Javi Guerra eta Juanjo izango dira aurrelariak.



ALAVES-XEREZ

Alaves. Bernardo; Kalderon, Almiron, Casar, Albacar; Cuevas, Emilio, Astudillo, Moreno; Javi Guerra eta Juanjo.

Xerez. Francis; Marti Crespi, Aythami, Mendoza; Moreno, Bergantiños, Abel, Pedro Rios, Carlos Calvo, Momo eta Antonio Calle.

Epailea. Hernandez Hernandez.

Ordua. 18:00.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.