Alaves 1 - 2 Vila-real

Alavesi azken unean ihes egin dio partidak

Joseluk 80. minutuan berdindu du norgehiagoka, baina Vila-realeko Niño hasiberriak 89.ean egin du bigarrena.

Manu Garcia gasteiztarra, Vila-realeko jokalariekin lehian. JUANAN RUIZ / FOKU
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 25a
22:28
Entzun

Festa bihurtzeko osagai guztiak zituen gaur Alavesek Vila-realen aurka jokatu duen partidak. Arabako kluba 99 urte bete berria da, eta denboraldiko boladarik emankorrena kateatuta ospa zezakeen. Kandelei putz egiteko prest ziren Mendizorrotzan bildutako zaleak. Haatik, gauzak berandu gabe hasi dira okertzen. Kanpokoek berehala egin dute lehen gola, beraz, norgehiagoka osoa haize kontra jokatu behar izan du Arabako taldeak. Gogor ahalegindu da markagailua berdintzen, eta lortu du azkenean, Joseluk amaiera partean sartutako gol bati esker. Landutako puntua lortzeko bidean ziren gasteiztarrak; ordea, azken unean, esku hutsik utzi ditu Fernando Niñoren bihurrikeria batek. Aurrelariak debuta zuen Espainiako Lehen Mailan; bada, sartu eta bi minutura egin du gola, ukitu duen lehen baloia baliaturik.

Neurketa erritmo biziarekin abiatu da. Ekimena Vila-realek hartu du, eta Alaves kontraerasoan zorrotza izaten ahalegindu da. Hots, esperotako norabidea hartu du partidak. Lehen imintzioa etxekoek egin dute, hasi eta berehala. Riojak sareetara bidali du baloia jokaldi azkar batean, baina epaileak baliogabetu egin du gola: jokoz kanpo zegoen Lucas Perez, azken pasea eman duen jokalaria. Baccak 10. minutuan sartutakoa, ordea, bai, markagailura igo da. Albiolek luze jokatu du Martinen bizkarrera, eta Moiren erdiraketa oztoporik gabe errematatu du aurrelari kolonbiarrak. Barruraino errazegi sartu zaizkio Alavesi.

Erasoan eroso ziharduen Vila-realek. Nahieran zebiltzan erdilariak, Trigueros buru. Alaves, ordea, lanak ari zen izaten Asenjoren ate ingurura hurbiltzeko. Nolanahi, lehia orekatzea lortu du minutuek aurrera egin ahala. Area inguruan geroz eta maizago agertzen hasi dira arabarrak, batik bat Aleix Vidal, Joselu eta Lucas Perezen eskutik. Hurbilketa arriskutsuak izan dituzte, baina azken metroetan asmatzea falta izan zaie aurkaria benetan estutzeko. Areaz kanpotik Joseluk eta Vidalek egindako saiakera bana izan dira etxekoen gol aukera bakarrak lehen zatian.

Atsedenetik bueltan, atezainen unea iritsi da. Alavesek erritmoa gogortu du, eta bi aukera izan ditu erreskadan, 56. eta 60. minutuetan. Lehenik, Vidal bakar-bakarrik gelditu da ate aurrean, Camarasaren lerro arteko paseari esker, baina kataluniarraren ahalegina ezerezean utzi du Asenjok. Hori gutxi ez, eta Vila-realeko atezainak sekulako gelditua egin dio Manu Garciari, erdilariak buruz indartsu errematatu ostean. Pachecok ere bere abileziaren berri eman du, buruz buru gelditu ederra eginda Chukwuezeri.

Alavesek ez du amore eman, eta ekinean jarraitu du; harik eta 80. minutuan Joseluk banakoa egin duen arte. Arabarren jokaldi klasikoa izan da: luze jokatu du Laguardiak, baloia buruz ukitu du Joseluk, eta hark amaitu du jokaldia, Lucasen pasea jaso ondotik. Gauzak hala, 87. minutuan Niño zelairatu du Callejak, eta bi minutu geroago, Vila-realen bigarrena egin du hemeretzi urteko gazteak. Kontrol zoragarria egin, eta zartako batez gainditu du Pacheco.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.