Michael Albasinik (Team Columbia taldea) irabazi du gaur Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapa: Eibar-Gueñes (161 kilometro). Hirugarren mailako lau mendate izan dituzte eta bigarren mailako bi, baina gainek ez dute jokorik eman, Albasinik, Christian Vandeveldek (Garmin-Slipstream) eta Jurgen Van den Broeck-ek (Silence-Lotto) hasieratik egin dutelako ihes eta minutu askoko aldearekin aritu direlako (77. kilometroan 7:45ekoa, kasu).
Esprintean nagusitu da Albasini (1980, Suitza). Denboraldiko aurreneko garaipena du. Bigarrena Van den Broeck izan da, hirugarrena Vandevelde.
Lasai zegoen ihesarekin Alberto Contador (Astana) itzuliko liderra -atzo lortu zuen maillot horia-, haietatik Van den Broeck zuelako gertuen sailkapen nagusian: 13:18ra. Tropela helmugan 1.25era sartu da.
Atzo bezala, Cadel Evans, Samuel Sanchez eta Antonio Colon dira hurrengoak sailkapen nagusian, zortzi segundora. Luis Leon Sanchez atzo arteko liderra 35era dago.
Bihar ere mendate asko izango dituzte Gueñes-Zalla bogarren etapan (169 kilometro): zazpi. Haietako bat lehen mailakoa da: Ubal -etaparen hasiera aldera-. Beste gainak: hirugarren mailako lau eta bigarrengo bi.
Etzi bukatuko da Euskal Herriko Itzulia, Zalla-Zalla 24 kilometroko erlojupekoarekin.
Euskal Herriko Itzulia
Albasini garaile Gueñesen
Vandevelde eta Van den Broeck iheskideekin heldu da. Tropela 1.25era sartu da eta Contadorrek segitzen du lider. Etzi bukatuko da itzulia, 24 kilometroko erlojupekoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu