Iraupena. 90 minutu.
Pilotakadak. 703.
Saketik. Xalak alerik ez, eta Berasaluze VIII.ak bi, eta falta bat.
Markagailua. 0-1, 1-1, 1-5, 2-5, 2-11, 3-11, 3-12, 7-12, 7-15, 11-15, 11-20, 12-20 eta 12-22.
Bestelakoak. Leporaino bete zen Zornotzako pilotalekua: 800 ikusle inguru. Partida hasieran apustuak gorrien alde atera ziren, doblean, eta 2-7an hasi zen dirua berdintzen. 7-12an Xalak pilota erraz bat huts egin zuen, eta, haserretuta, aulkia txikitu zuen.
Pazientziarik eza eta pilota gehiegi galtzea. Gabezia horiek leporatu izan zaizkio Jon Ander Albisuri hainbat partidatan, baina atzoko lehia ikusita, ezin daiteke halakorik esan. Ataundarrak partida aparta jokatu zuen. Sendoa. Soilik hiru kale egin zituen, eta neurketaren zati handienean bizkarra erakutsi zion Aritz Laskuraini. Hitz batean, partidako maisu izan zen. Hori baliatuta, Pablo Berasaluzek ezin hobeto baliatu zituen aukerak aurreko koadroetan, eta hemeretzi tanto egin zituen. Hala, zazpigarren puntua eskuratu zuten Asegarcekoek (12-22).
Hots naturaleko pilota batekin ekin zioten lehiari. Berasaluzek eta Albisuk egin zuten pilota horren aldeko apustua, eta asmatu zuten. Frontisetik dezente irteten zen, eta lurrean gutxi ibili. Eroso aritu zen ataundarra, eta berehala hartu zuten aurrea (5-1). Yves Salaberri Xala-k ez zuen jokoan sartzeko aukerarik izan, eta ikusle bat gehiago izan zen partidaren lehen zatian. Hori bai, defentsan nahikoa lan izan zuen, eta ez zen fin aritu. Berasaluzek sei tanto egin zizkion airez txokoan (2-11).
Lan zikina egiteko ordua nahi baino lehenago heldu zitzaien gorriei, eta Laskurainen lanerako dohaina baliatuta, aurkarien hutsaren zain jokatu zuten. Xala kamuts aritu zen erasoan, tanto bat bakarrik egin zuen, baina aurreko koadroak ahaztu eta atzera jotzen hasi zen. 109 pilotakadako tanto bat egin zuten, eta Albisu nekatu egin zen. Ondorioz, bere lehenengo pilota galdu zuen 4-12koan.
Bazirudien joera aldatzen hasiko zela, ataundarraren nekearen erruz 11-15era gerturatu baitziren Aspekoak. Baina ez. Gaztea izan arren, ongi eutsi zien aurkariei Albisuk, eta partidako maisu bihurtu zen. Lanean eta pazientzian oinarritu zuen jokoa, eta Berasaluze inspiratuaren laguntzarekin 22ra heltzea lortu zuen (12-22). Gutxitan ikusten den zenbakietara heldu zen berriztarra, hemeretzi tanto ez baitira egunero egiten.
Ezin zaio gehiago eskatu txapelketari, bi bikoteak zazpina garaipenekin berdinduta baitaude, beste hainbatekin batera. Emoziorik, beraz, ez da faltako hurrengo partidetan. Dena den, Xalak eta Laskurainek mahai gainean kolpe ona jotzeko aukera ederra galdu zuten atzo.
Logroñon gaur
Sailkapenaren bigarren postuan tinko finkatzeko aukera polita dute gaur Titin III.ak eta Merino II.ak. Logroñoko Adarraga pilotalekuann jokatuko dute Olaizola II.aren eta Beroizen kontra, eta irabaziz gero, aurrerapauso handia emango dute finalerdietako ligaxkan sartzeko. Hori bai, aurrean liderrak izango dituzte.
Xala-Laskurain 12. Berasaluze-Albisu 22
Albisu partidako maisu
Partida sendoa jokatu du ataundarrak, eta Berasaluzek aukerak bikain baliatu ditu, eta hemeretzi tanto egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu