Alboan eserita dauka entrenatzailea

Jexux Buldain da Abel Barriolaren botilero berria, eta metodologia propio bati jarraiki, haren prestaketaren zati bat zuzentzen du. Gaur ere, alboan egongo da Irujoren aurkako partidan.

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Apurka ohitzen ari da partidak kontrakantxako eserlekutik ikustera, eta txapelketa aurrera doala, erosoago sumatzen du bere burua. Jexux Buldain da (Leitza, Nafarroa, 1974), lau t'erdiko txapelketan Abel Barriolaren alboan esertzen ari den botileroa, eta zintzo onartu du gustura dabilela lagunarekin batera. Dioenez, «buru-belarri murgildu» da betebehar berrian, eta bere lanari buruz mintzatzean ez zaio botilero adiera gustatzen. «Hiztegiaren arabera, botileroa jatetxe bateko ardoaren arduraduna da, eta nire lanak ez du zerikusirik horrekin. Ni entrenatzailea naiz, Abelen lagun bat». Gaur ere haren alboan eseriko da, Juan Martinez de Irujoren aurka Labriten jokatuko duen lau t'erdiko finalerdietako ligaxkako partidan (17:30, Nitro).

Buldainekin hitz egitean, berehala gelditzen da agerian zerikusi gutxi duela botilero klasikoarekin. Lan egin eta aholkuak emateko bide propioa urratu du,eta berak hala azaldu zion Barriolari joan den udan bere alboan esertzeko eskatu zionean. «Aspaldi ezagutzen dugu elkar, lagunak gara. Behin esan zidan berari asko gustatzen zitzaiola nire pentsatzeko modua, ziurtasuna daukadala neure buruarengan, eta aldaketa bat bilatzen zuela. Eta baiezkoa esan nion eskaerari». Buldainek, era berean, argi utzi zion bere parte-hartzea handia izango zela. «Ni bera bezala nago murgilduta txapelketan, konprometitua nago. Ni laguntzaile xume baten gisa joan naiteke, baina ez naiz horrelakoa: niri txapelketa bizitzea gustatzen zait, Abelek adina». Horretaz gain, oso pilotazalea da, Oreja profesional ohien sendikoa, eta nerabezaroan zortzi urte egin zituen Leitzako eskolan.

Entrenatzaile hitzarekin batera darabil lagun objektiboa, eta haien harremanaren muinean «metodologia» bat dago. Buldainek berak sortua da, bere bizitza esperientzia eta hausnarketetan oinarrituta, eta Barriolari transmititzen saiatu da. Galdetuta, umil, ez du azaldu nahi. «Hori Abel eta nire artekoa da». Konfiantza hitza maiz erabiltzen du, eta hortik tiraka, irriño bat utzi du begi bistan. «Begira, nire pentsaeraren arabera, kirolariek, eta gizakiek oro har, euren jardunean, beti dute irabazteko asko eta galtzeko gutxi, eta hori transmititzen saiatzen naiz. Hortik aurrerakoak nire metodologia dira». Jarduerak arlo psikologikoarekin harreman estua duela dirudi, baina ez du azalpen gehiago eman. «Baliteke, ez naiz psikologoa, baina beti izan dut erraztasuna jendea ulertzeko».

Barriolak enpresako teknikariekin egiten du pilotalekuko lana, eta Justo Lillorekin lan fisikoa. Buldain beste arlo batzuk zuzentzen dituen entrenatzailea da. «Asko estimatzen dut Abel, eta haren lagun objektiboa naiz, eta nire iritziak jakinarazten dizkiot.Haren pentsamenduak subjektiboak dira, eta txapelketan sartuta gauza asko izan behar dira kontuan: entrenamendua, masajea... Horiek delegatu egin behar dira, eta nik egiten ditut. Lan egiten dut, ondo, eta horregatik diot entrenatzaile naizela».

Barriola oso ongi ari da lau t'erdikoan, eta Buldainek zintzo dio ez duela harritu. «Egia esan, ez; konfiantza handia nuen egiten ari garen lanean». Haren iritziz, azken lesioak gogorrago bihurtu du Barriola, eta hobetzeko tartea ikusten dio oraindik. Kaiolan ez dubide erraza izan, eta Bengoetxea kanporatzea mugarri bat izan zen Buldainentzat. «Esan nion Oinatz kanporatzen bazuen urrunago begiratu ahal izango zuela», eta gaur Irujo du aurkari. «Abelek begirune handia dio. Agian, Irujo da begirune handiena dion pilotaria». Kantxa gaineko jardunean, berriz, garrantzia ematen die erritmoari, arnasa buelta emateari... eta botileroaren eragin ahalmena aldarrikatu du: «Garrantzitsuena pilotaria da, baina botileroak emaitza alda dezake, funtsezkoa izan daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.