Asobal ligan etxetik kanpo ariko dira gaur euskal taldeak: Amaya San Antonio Alcobendasen pistan ariko da (18:00), eta Arrate, berriz, Logroñon (20:00). San Antonioko nafarrei etxetik kanpo lehen partida irabazteko aukera emango die gaurko norgehiagokak, orain arte aurkariei eginiko bisitetan huts egin baitute. Arratek ere bolada txarra amaitu nahi du; Ligako handien aurka jasandako porrotak ahalik eta azkarren ahaztu, alegia. Bartzelona, Ciudad Real eta Ademar izan ditu aurkari Eibarko taldeak azken jardunaldietan, eta punturik ez du lortu haien kontra.
San Antoniok Port Sagunti irabazi zion azken jardunaldian, etxean, eta garaipenaren bidetik jarraitu nahi dute Juanto Apezetxearen jokalariek etxetik kanpo ere. «Alcobendas talde indartsua da, baina gure helburua irabaztea da», erran du entrenatzaileak. Lucauk, Humetek, Vargasek eta Victorrek arazo fisikoak dituzte, baina jokatzeko moduan izanen direla espero da.
Aurkari gogorra izanen du, halaber, Arratek. Logroñoren pista ez da batere erraza. Eibarko taldeak, dena den, azken hiru jardunaldietako porrotak bazter utzi nahi ditu, eta puntuak eskuratu. Logroñoren aurka jokatzeko prest izanen da Igor Petritxev erdiko moldaviarra, osatu egin baita. Lehen partida izanen da gaurkoa harentzat. Igor Sever pibot esloveniarrak, ordea, min hartuta jarraitzen du.
Bolada onari eutsi nahian
ABF ligari dagokionez, Murtzia igo berriaren aurka ariko da gaur Bera Bera, Bidebietan (19:00). Espainiako taldearen aurka hirugarren garaipena lortu nahi dute jarraian donostiarrek, Europarako sailkatzeko postuetan sartzeko. Anna Punkok ezin izanen du gaur jokatu, baina Beatriz Fernandez, berriz, osatu egin da. Murtzia talde igo berria izan arren, maila ongi ezagutzen duten jokalariak baditu, eta Bera Berak zuhur jokatu nahi du, gehiegizko konfiantzarik gabe.
Alcobendasen ariko da Amaya San Antonio, eta Logroñon Arrate
ABF ligan, Bera Bera Murtziaren aurka ariko da etxean, hirugarren garaipena jarraian lortzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu