Aldaketa kutsuko 'pole'-a

Vettel erraz nagusitu da entrenamenduetan, eta gaur erregai askorekin aterako da; Button seigarren izan da

Laurentzi Garmendia
Donostia
2009ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Sebastian Vettelek lortu zuen bigarren pole-a jarraian atzo, Britainia Handiko Sari Nagusirako sailkapen saioan. Red Bull taldeko gidariak etekin ona atera zion autoak izandako berrikuntzei, eta asteburu osoan seguru zirudiena gauzatu zuen aitzakiarik gabeko pole-a lortuz. Bigarren tokian Rubens Barrichello aterako da, urtean lehen aldiz Button gaindituz. Txapelketako buruak ez zuen egun ona izan, eta seigarren ekingo dio lasterketari.

Lehen sailkapen saioa Adrian Sutilen istripuak baldintzatu zuen, Lewis Hamilton jokoz kanpo utzi zuelako. Etxeko gidaria 19. postutik aterako da gaur, bere ibilbideko sailkapen txarrena osatu ondoren. Hamilton azken aukeran ari zela gertatu zen Sutilen istripua, eta bertan behera geratu zen haren ahalegina. Edonola ere, oilar gehienak goiko postuetan ziren ordurako. Hamiltonek Q1 saioa gainditzen ez duen hirugarren lasterketa da jarraian.

Azken saio erabakigarrian oilar guztiak izan ziren, Felipe Massa izan ezik. Brasildarra ez zen lehen hamarren artean sailkatu, eta hamaikagarren postutik aterako da. Raikkonenek bederatzigarrena izan zen, eta autoak gehiago ez zuela esan zuen. Alonso hamargarrena izan zen, eta punturen bat lortzen badu konformatuko da. Williamsek bi autoak sartu zituen Q3an, eta ezohiko garapen maila erakusten ari da aurten, normalean behera egiten baitu.

Aurtengo txapelketak, baina, bi talde ditu izar nagusi, eta baita bi gidari ere. Taldeak BrawnGP eta Red Bull dira, eta orain arte behintzat oreka egon da euren artean. Izan ere, Silverstonen Red Bullek uneoro nagusitasun eta erraztasun itxura izan du. Kiniela guztietan Vettel ageri zen atzoko pole-rako hautagai, Buttonen aurretik. Eta gertaturikoa ikusita, Buttonek oso zail izango du gaur irabaztea.

Dagoeneko hiru pole lortu ditu Vettelek aurten, eta azken biak jarraian. Turkian ez zuen aukera probestu, baina Silverstonen ez du aitzakiarik. Bere autoak inguruko beste autoek baino erregai gehiago izango du, gainera. Izatez, Vettelena izan zen Q3 saioko autoen artean astunena. Horri nagusitasuna deitzen zaio. Hala, badirudi gaurko garailearen trofeoan hasi direla jada Sebastian Vettel izena grabatzen. Eta nor da hori saihets dezakeena? Barrichello, teorian, baina brasildarrak beti du zerbait, eta horrek azkenean buruari ere eragiten dio.

Webber ere hautagai

Mark Webber izan daiteke, Barrichello baino gehiago, Vettel estutu dezakeena. Australiarra zen pole-aren jabe azken unean gainditu zuten arte, eta Vettelen indar mediatikoa ez badu ere, lasterketan oso fin dabil. Turkian bigarren izan zen, Buttonen atzetik bakarrik. Argi dirudi, beraz, Button ez dela zazpigarrenez podiumeko goiko mailara igoko. Ingelesak tenperatura baxuak jarri zituen bere emaitzaren arrazoi gisa, Red Bulli mesede egiten diotelakoan. Horregatik uste du aldea ez dela horren handia, baina garaipena urrunegi dakusa.

Buttonek arrazoi izan dezake, ez baita Red Bull haren aurretik geratu den bakarra. Trulli eta Nakajima ere aurretik sartu zitzaizkion, eta orain arte hori pentsaezina zen. Baina, bestetik, Barrichello bere ohiko mailan aritu zen, eta hortxe dago. Buttonek ez zuen egun ona izan, baina lasterketan ziur maila hobeto aritzen dela. Ezin da ukatu, edonola ere, Vettel atzo beste orbita batean zegoela zirudiela. Eta gaur erraz irabazten badu, txapelketan norabide aldaketa ezarriko du ziurrenik. Barrichellok aldarrirako bere aukera baliatu nahiko du, eta gutxitan izango du Button gaur bezain atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.