Entrenatzailea aldatu osteko lehen partida irabazi egiten dela dioen esaera eta ustea ezaguna da futbolean. Baina Osasunak Lehen Mailan denboraldi erdian entrenatzailea aldatu behar izan duenean inoiz bete gabea zen uste hori, joan den igandea bitartean. Jose Antonio Camacho kargutik kentzea eta ordezkatzeko Jose Luis Mendilibar fitxatzea erabaki zuen Osasunak iragan astean. Entrenatzaile aldaketak ilusio ikaragarria eragin zuen Osasunako jokalarien eta zaleen artean. Ilusioari eusteko lehen partida irabaztea ezinbestekoa zen, ordea, eta Espanyolen aurka herenegun lortutako garaipenak (4-0) aurreikuspen onenak gainditu zituen.
Lanerako grina berezia erakutsi zuten gorritxoek herenegun. Adorea berreskuratu zuten. Dena dela, hori bezain garrantzitsua izan zen harmailetako giroa sasoirik gozoenetan bezalakoa zela ikustea. Entrenatzaile aldaketak onurak besterik ez ditu ekarri Iruñea aldera.
Egun apur batzuk nahikoak izan ditu Mendilibarrek Osasunako jokalarien buruak freskatzeko. Aspaldian erakutsi gabeko lanerako grina, aurkaria itotzeko gogoa, eta baloia jokatzeko kemena erakutsi zituen Osasunak herenegun. Horri geldikako jokaldietako eraginkortasuna gehituta —lau goletatik hiru kornerren ostean iritsi ziren—, ez da zaila Osasunaren suspertzea ulertzea.
«Aldaketa bat pizgarria izaten da beti jokalarientzat, ilusioa berreskuratzen duzu, gogotsu aritzen zara…», laburbildu zuen atzo Javier Callejak. Camachorekin ordezkoen aulkian eta deialdietatik kanpo egotera ohitu ostean, erdilari espainiarra irribarretsu eta gustura zegoen atzo, Mendilibarrek hasieratik zelairatu baitzuen. Partidako protagonista bilakatu zen erdilaria.
Zaldibarko entrenatzailearen erabakiz, Callejak hartu zuen geldikako jokaldiei hasiera emateko ardura. Camachorekin Puñal, Soriano eta Camuñas ere aritu dira sasoi honetan faltak eta kornerrak jokoan jartzen, baina igandean Callejaren txanda iritsi zen. Eta ezker hegalekoak bikain bete zuen eginkizuna. Lehendabiziko hiru golak Callejak jokoan jarri zituen kornerren ostean iritsi ziren. «Partida batzuetan dena ondo ateratzen da. Orain artean ez dut asko jokatu, baina iragana ahaztu eta aurrera begiratu nahi dut. Osasunan jarraitzea da nire nahia», esan zuen atzo Callejak, ekainean kontratua amaitzen zaiola gogoratuz. Poza ezkutatu ezinda zen erdilari espainiarra.
Emaitzak emaitza, Mendilibarren etorreraren onura nabarmenena zelaitik at gertatu da. Camachoren aurkako oihuak ohikoak ziren Nafarroako Erresuman, baina zaleek harrera bikaina egin zioten igandean entrenatzaile berriari. Bozgorailuetatik Jose Luis Mendilibarren izena eman orduko txalo zaparrada izan zen harmailetan, eta Camachok hiru urteotan inoiz lortu ez zuena lortu zuen zaldibartarrak estreinako norgehiagokan: entrenatzailearen izena erabiliz abestia osatu zuten zaleek bigarren zatian, Mendilibarri ongietorria emateko. Taldeko jokalari onenek beti izaten dute aldeko abestiren bat, baina entrenatzaileekin gutxitan gertatzen da. Bada, lehendabiziko egunean eskaini zioten zaleek abesti bat entrenatzaile bizkaitarrari.
Zaleen babesa ziurtatu nahi
«Garrantzitsua da zaleak taldearekin bat eginda ikustea, asko lagundu digu horrek. Zaleak laguntzen hasten baldin badira, jokalariei hauspoa emango diete. Taldeak eman behar dizkie laguntzeko arrazoiak zelaian, eta gaur [herenegun] bi gauzak gertatu direla uste dut. Ea batasun hori beti horrelakoa izatea lortzen dugun», esan zuen Mendilibarrek herenegun, partidaren ostean eskaini zuen prentsaurrekoan. Zaldibartarrak badaki Osasunarentzat itzela izango dela zaleen babesa ziurtatzea, eta Camachok lortu ez zuena egiten saiatuko da Mendilibar, Iruñera iritsiz geroztik zaleei eskaini dizkien loreek argi utzi duten legez.
«Igandekoa bezalako giroa izateko gogoz geunden, behar genuen, ez baita samurra zelaira irten eta zaleen iritzi desadostasunak nabaritzea. Taldearen aldeko batasuna talde gutxik duten baliabidea da, eta garrantzitsua da horrela jarraitzea, faltan botatzen genuen», adierazi zuen atzo Callejak, zaleen jarreraren inguruan iritzia eskatu ziotenean. Zaleen babesa garrantzitsua izan da beti Osasunarentzat, eta entrenatzaile batzuen eraginez babes hori galdu izanak ez dio mesederik egin Iruñeko klubari.
14. posturaino igo da Osasuna. «Garrantzitsua da jaitsiera postuetan ez egotea, baina geratzen den jardunaldi kopuruarekin ez genioke begiratu beharko sailkapenari. Astero ez dugu egon behar aurkariek galdu zain, guk irabazi behar dugu». Ilusioa hedatu da berriz taldearen inguruan, eta etxetik kanpoko bolada negargarria amaitzea da hurrengo helburua. Igandean Levante aurkari zuzenaren zelaian izango dute lehendabiziko aukera gorritxoek, eta irabaztea lortuz gero,inork ezingo du ukatu Mendilibarren fitxaketa beharrezkoa zela, ezta Camachoren aldeko zaleek ere.
Aldaketaren onurak
Jose Luis Mendilibarren etorrerarekin ilusioa sortu da Osasunaren inguruan, eta igandean agerian geratu zen horiAspaldian ez bezala gozatu zuten Osasunako zaleek jokalarien jokoarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu