Aldaketekin, aldaketa

Kaikuk Euskadiko Traineru Txapelketa irabazi du aurreneko aldiz, Hondarribian, estropada bikaina eginda

Igor Susaeta.
2009ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Euskadiko Traineru Txapelketarako itxaropenik ba ote zuen galdetu zioten Jose Luis Kortari pasa den igandean. Erantzuna harrigarri samarra izan zen. Irabazten ez baldin bazuten porrot egingo zutela esan zuen Kaikuko entrenatzaileak. San Miguel ligako zortzigarren sailkatua izan arren, eta ligan behintzat Orio, Urdaibai eta Hondarribia aurretik izanagatik, ez irabaztea porrota izango zela bota zuen.

Baina badaki, ordea, propioen eta ez-propioen kontuarekin ligan mugatuta ibiltzen dela Bizkaitarra trainerua. Eta badaki, aldi berean, txapelketetan eta Kontxako Banderan arraunlari onenak, propioak edo ez-propioak izanda ere, batera uretaratu ditzakeela; galako trainerua atera dezakeela, alegia. Eta atzo, Euskadiko Traineru Txapelketan, Hondarribian, zortzi aldaketa egin zituen joan den igandean uretaratu zuen ontziarekin alderatuta, eta aldaketa horiek aldaketa handia ekarri zuten, orain bi aste Bizkaiko Txapelketan nagusitu zirenean bezalaxe.

Kaiku izan zen onena 24. Euskadiko Txapelketan, eta aurrenekoz irabazi zuen titulua. Emakumezkoetan, aldiz, lehenbizikoz jokatu zen -iaz estropada inpugnatu zuten, balizak gaizki kokatuta zeudelako-, eta Getaria-Tolosa faboritoa izan zen onena; nabarmen, gainera.

Kaiku ere ederki nabarmendu zen atzo. Estropada bikaina egin zuen, eta Hondarribiko eremuko marka bost segundoan hobetu. Hondarribia bera izan zen bigarren, hamazazpi segundora, eta, hala, Bizkaitarra eta AmaGuadalupekoa ontziek poltsikoratu zituzten datorren astean Vilaxoan (Galizia) jokatuko den Espainiako Txapelketarako txartelak.

Egia esan, handia izan zen Kaikuk egindakoa. Oriok eutsi zion lehen txanpan, baina aurreneko ziabogara aurretik heldu zen Bizkaitarra. Hondarribia hiru segundo eskasera zeukan, eta poparean egin beharreko aurreneko luzean abantaila ez zen handitu. Etxeko traineruak dezente arriskatu zuen bigarren ziabogan, baina Kaikuk estropada hautsi zuen, brankaz, hirugarren luzean. Azkeneko maniobran, jada, hamar segundokoa zen bi traineruen artekoa aldea, eta helmugara bidean hegan egin zuen Asier Zurinagak gidatutako traineruak. Orio eta Urdaibai, berriz, hondoratu egin ziren metroak osatu ahala. Joxean Olaskoaga Aizperro-k entrenatutako traineruak, egia esan, ez zuen zorte handirik eduki, lehen ziabogan bertan arraun atxikia galdu baitzuen Urko Redondo aurrekoak.

Emakumezkoen estropadan Getaria-Tolosak pronostikoak bete zituen, eta 50 segundo atera zizkion bigarrenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.