Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Aldarriari amaiera ezin hobea

Giro onean egindako bizikleta martxa batekin amaitu da ESAITek Luz Ardidenen egindako egonaldia

ESAITek antolatutako bizikleta martxan parte hartu zuten txirrindulariak, atzo Luz Ardidenen, selekzioaren aldeko zapi batekin. ESAIT.
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak atzo amaitu zuen Tourrean egin duen 11. egonaldia. Aurten lehenengo aldiz Luz Ardidengo gailurrean egin du. Bi eguneko egonaldiak bi alderdi izan ditu eguraldiari dagokionez; giroari dagokionez, ordea, bakarra: ona.

Lehen egunean, asteazkenean, eguraldiak ez zuen lagundu, eta euri artean ospatu behar izan zuten euskal festa. Kanpaldia musikaz girotua egon zen, eta hori izan zen arrazoietako bat jende asko joateko, batik bat euskaldunak. Beste bat, antolatzaileek aurten afaria prestatu zutela, paella bat, urteroko jakiez gain: txistorra, gazta, sagardoa eta garagardoa, besteak beste. Guztira ehun lagunek baino gehiagok dastatu zituzten jakiak ESAITek muntatu zuen karparen barnealdean. Eguraldiak lagundu ez zuen arren, giroa ezin hobea zela azaldu zuen Martxel Toledok, ESAITeko koordinatzaile nagusiak.

Herenegun eguraldiak lagundu ez bazuen ere, atzo lagun izan zuten. Bizikleta martxa bat antolatu zuten goizean goiz, Luz Ardiden mendatera igotzeko. Martxaren helburua euskal selekzioen aldeko aldarria egitea zen, haien naziotasuna eta ofizialtasuna eskatuz. Eta jendeak erantzun zuen. Tropel ederra elkartu zen Saint Sauver hirian, hamalau kilometroko ibilbidea egiteko asmotan. Hala ere, herenegungo euriak jendea ez animatzea ekarri zuen, eta, horregatik, iaz baino jende gutxiago elkartu ziren ibilbidearen irteeran. Atzo, ez zuten inongo arazorik izan jendarmeekin iaz bezala —Tourmaleten zuten kanpaldia desmuntatu behar izan zuten jendarmeek behartu zietelako—. Aurreko egunean bezala, Toledo gustura atera zen martxaren ondoren. «Iaz baino jende gutxiago etorri arren, jende mordoa agertu da. Gainera, martxa modu onean joan da aurrera, eta poztekoa da izan dugun giroa ikustea», adierazi zuen.

Bizikleta martxarekin amaitu zen ESAITen Frantziako Tourrreko 11. aldarria. Horren ostean, hara joan ziren txirrindularizaleek Frantziako Tourraz gozatzeko aukera izan zuten, Luz Ardidengo igoera. Kanpaldiaren emaitza ikusi zen Luz Ardidengo igoerako azken kilometroetan. Ehunka euskal zale izan ziren han, elastiko laranjaz jantzita eta ikurrinak eskuetan zituztela txirrindulariak aupatzen, bereziki Euskaltel-Euskadikoak. Zaleen aupadei ongi erantzun zien Samuel Sanchezek. Euskal zaleen animoei esker, Jelle Vanenderti eta Frank Schlecki aurre hartu baitzien Luz Ardidengo helmugan. Benetan amaiera ezin hobea izan du ESAITen aldarriaren kanpaldiak, Euskaltel-Euskadiko txirrindulari baten garaipenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.