Athleticek bost jardunaldi daramatza Ligan galdu barik. Puntuak batu ez eze, jarraitzaileak gustura izateko jokoa ere egin dute zuri-gorriek. Gauzak ondo eginda emaitza onak eskuratzea errazagoa dela ikusi dute, ez baita osasungarria norgehiagoka bakoitzean mirarien zain egotea.
Azken miraria Fernando Llorentek egin zuen. Ez da aspaldiko kontua, gainera. Joan den ostegunean gertatu zen, Nafarroako Erresuma zelaian. Espainiako Kopan jokatutako euskal derbian, hain zuzen ere. Ia hilabete bi Kopa gora eta Kopa behera ibili ostean, neurketa txarra jokatu zuten bizkaitarrek. Denboraldi hasierako itxura eskasa eman zuten berriro. Osasuna gehiago izan zen, baina azken unean taldeko izar nagusia agertu zen, zein bestela, kanporaketa bide onean jartzeko.
Kopako emaitza ona izan zen, baina kezkagarria oso jokoa. Lehiaketa aldaketarekin batera taldearen jokoa ere lehengora bueltatzea da zuri-gorrien esperantza. Ahal bada, Gabonetako atsedenaldi aurreko jokora.
Ez da Atletico Madril garaipenaren eta joko onaren bidera bueltatzeko aurkaririk aproposena. Ligako sasoi onetan ere ez. Zuri-gorrien urte amaierako bolada ona izan bazen, zer esanik ez Javier Agirreren taldearena. Bederatzi jardunaldi egin zituen galdu barik, eta, aspaldiko partez, aurrea hartu zion bere aurkari nagusiari: Real Madrili. Baina madrildarrei ere ez die onik egin geldialdiak. Aurten jokatutako partida biak galdu dituzte -bat Ligan eta Kopan bestea- eta zaleak hasi dira entrenatzaile mexikarraren burua eskatzen. Aspalditik dago ezbaian Osasunako entrenatzaile ohiaren lana. Orain arte aurrera egitea lortu du. Aldez aurretik ipinitako helburuak bete dituela esan daiteke. Baina ez da erraza taldeak eman dezakeen baino gehiago eskatzen den talde bat zuzentzea.
Agirreren postua jokoan egon daiteke gaurko neurketan. Etxeko taldeak irabazten ez badu, kolokan egongo da haren kargua. Baina zenbait taldetan errazagoa da hordagoak gainditzea. Europako onenen artean egon ez arren talde ona baita Atletico. Zelai erditik aurrera arriskutsua da oso. Hegaletan Maxiren gosea eta indarra eta Simaoren talentua baliatzen ditu. Aurrean, berriz, Espainiako Ligako aurrelari bikote onenetarikoa dauka: Aguero eta Forlan. Bata zein bestea dira erabakigarriak. Euren lana nahikoa izaten da norgehiagoka asko irabazteko. Puntu asko ematen dizkiote taldeari. Biek sartu dizkiote gol asko Athletici. «Atzean adi egon beharko gara. Atleticoren erasoko jokalariak oso onak dira. Aguerok dohain asko ditu, baina baita besteek ere», adierazi du Koikilik aste honetan. Caparrosen laudorioak handiagoak izan dira. «Messirekin batera, jokalari erabakigarrienak dira. Atletico Madril talde indartsua da».
Baina gabeziak ere baditu. Bestela ez legoke kolokan Agirreren burua. Defentsan ditu zailtasunak. Denboraldi honetan izen handiko atzelariak fitxatu arren -Ujfalusi eta Heitinga-, ez dira gauzak asko aldatu. Opari dezente egiten ditu taldeak. Beraz, Athleticek badaki zein den bidea. Inoiz baino gehiago Fernando Llorenterekin jokatu behar dute, aurrelari ilehoriaren inguruan sortzen baita Athleticen joko guztia. Egun ezin da jakin zer gertatuko litzatekeen Athleticen Llorente barik.
Yeste kanpoan, bigarrenez
Caparrosek ezker hegal guztia aldatuko du Vicente Calderonen. Atzean Koikilik jokatuko du, Balentziagaren lekuan, txartelak tarteko partida bateko zigorra bete beharko baitu horrek. Konpromiso handiko partida da orain arte oso gutxi jokatu duen futbolari batentzat. Haren aurretik David Lopez edo Gabilondo arituko da. Orkatilako bihurritua sendatu ostean, baliteke espainiarrak jokatzea. Fran Yeste, berriz, deialditik kanpo geratu da bigarrenez segidan. Gainkarga baten erruz utzi omen du deialditik kanpo Caparrosek. Bitxia. Izan ere, azken egun bietan taldekide guztiekin batera egin baitu lan.
Bestalde, ikusteko dago aldaketa gehiago egongo diren ala ez. Ociok, esaterako, aspalditik ditu arazoak eta baliteke atseden hartzea. Etxeita eta Ustaritz -aspaldiko partez zerrendan dago- zain daude gasteiztarra ordezkatzeko. Erasoan, berriz, Llorente izango da erreferentzia. Egun ordezkaezina da. Haren ondoan Velez aritu da azken jardunaldietan, baina Toquerok jokatzea ere ez litzateke harritzekoa izango. Egin apustu.
Aldatu egin beharko du
Espainiako Kopan baino askoz ere gehiago egin beharko du Athleticek, Ligan bolada onarekin jarraitu ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu