Aurretik. Beti da erakargarria Athletic-Bartzelona partida. Larunbatekoak aparteko ikusmina eragin zidan, baina. Gogo berezia nuen hain ezberdinak diren bi jokatzeko eredu parez pare ikusteko: etxekoen joko zuzena eta kanpokoen joko ez zuzena. Irrikaz nengoen partidak nolako bidea egingo zuen ikusteko. Bietako zein eredu nagusituko zitzaion besteari jakiteko. Hasi zen partida, eta...
Ikusmina, harridura. ...espero ez nuen zerbait ikusi nuen. Athleticek ekin zion partidari, eta ez zuen jo baloia luze. Erdiko atzelariak hegalekoari eman zion, hegalekoak euskarriari... Horra Caparrosen taldea joko ez zuzena egin nahian. Nire buruan beste hasiera bat zegoen: ekin orduko, aurreneko jokalditik bertatik, Fernando Llorenteri botako ziotela baloia, aurrelariak ukitu, talde osoak metroak aurreratu, eta Bartzelonari bere zelaian estutzeko. Erritmoa bizituz, bide batez. Ez zuen halakorik egin Athleticek. Etxekoen hasierako minutuetako oldarraldia ez zen azaldu.
Presioa, egoera jakin batean. Gutxi estutu zuen Athleticek Bartzelona. Presioaren bidez estutuko zuelakoan nengoen, baina ez. Egoera zehatza azaldu zien Caparrosek jokalariei Bartzelonaren zelaian estutzen hasteko. Victor Valdesek baloia hartzen zuenean ateko sakea egiteko, Gabilondok, Llorentek eta Igor Martinezek hiruko lerroa osatzen zuten, arearen gain-gainean ia. Helburua hau: atezainak luze jotzea. Baina atezainak ohiko jokoari eutsi zion: ez zuen luze jo. Nahiz eta Athleticeko hiru jokalari gain-gainean eduki, asko arriskatu zuten Bartzelonakoek, baina ia beti baloiaren jabetzari eutsi zioten.
Lerroak atzeratuta. 11 jokalari 11 jokalariren aurka egon zirenean ere, apenas heldu zen Athletic Bartzelonaren areara. Urruti, oso urruti zeukan Valdesen atea. Defentsako lana egiteko, lerroak atzeratzeko agindua zeukatelako etxekoek. Atzelarien eta Iraizoz atezainaren artean zulorik ez uztea zen asmoa, itxuraz. Lehen minutuetan, Llorente eta Igor Martinez gelditzen ziren aurreratuta, baina Bartzelonak baloia oso erraz mugitzen zuela ikusita, Llorente ere zelai erdian txertatu zen. Igorren abiadura zen erasoko arma bakarra, jokaldi batean eta bakanean ikusi zen bezala. Betiko erreferentzia zelai erdian zebilen, lan zikinak egiten.
Aurkari onegia. Bartzelonari aurre egitea oso zaila da. Baloiaren jabe egiten da partida guztietan, eta baloia bere egiten duen talde oro nagusi izan ohi da. Modu batera aurre egiten saiatu edo beste bide batetik saiatu, agindu egiten dute kataluniarrek. Baldintzatu egiten ditu aurkarien entrenatzaileen estrategiak. Denek moldatu behar izaten dute zerbait Guardiolaren taldearen joko ikusgarri eta eraginkorra nolabait oztopatzeko. Oztopatu diot, erabat neutralizatzea ezinezkoa delako. Caparros ere saiatu zen zerbait moldatzen, baina Bartzelona onegia da.
Zenbateraino aldatu?. Aldatzen hasi, eta gauza gehiegi aldatu zituen entrenatzaileak. Aipatu ditut batzuk: batetik, joko zuzena oso gutxi erabiltzea; ondorioz, ezin izan zuen Athleticek aurkariaren zelaian presioa egin, bigarren baloiak baliatuz. Bigarrenik, lerroak asko atzeratzea; eta, hirugarrenik, Llorente zelai erdian ikustea defentsako lanean. Emaitza oso onak eman dizkion eredua aldatu zuen Caparrosek. Borondate onez, dudarik gabe. Baina Bartzelonak hankaz gora bota zituen asmo on guztiak. Aurkari denei egiten dien moduan. Bartzelona izan zen Athleticen aurkari nagusia. Bat eta bakarra. Eta partida ikusteko nire ikusmina ezin izan nuen ase. Bartzelona ohikoa izan zelako, baina Athletic, ordea, ez zelako Athletic izan. Ezta Amorebieta kaleratu aurretik ere.
Aulkitik begira
Aldatzen hasi, eta gehiegi aldatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu