Baskonia 87-86 Joventut

Alde atera zaio Baskoniari

Ozta-ozta irabazi dio Joventuti Gasteizen (87-86), 22 punturen aldea alferrik galdu eta gero. 

jarraia174841.gif
Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 8a
18:29
Entzun

Baskoniak Kopa jokatzeko aukerei eusten die, eta baita Velimir Perasovic entrenatzaileari ere. Hori guztia ekarri du gaurko garaipenak. Galdu izan balu, bestelako kontuak izango ziren hizpide. Joventut hartu du mendean Gasteizen, ACB ligako hamabigarren jardunaldian, eta seigarren garaipena du. Kopara zein zazpi talde sartuko diren lehen itzuliaren amaieran erabakiko da (Unicaja Malaga barruan da, antolatzailea delako), eta bost jardunaldi baino ez dira geratzen. Entrenatzailearen kasuan, hari baten gainean dagoela ematen du, taldea ez dabilelako ondo, oso irregular, gorabehera handiekin. Gaurkoarekin hari fina ez da hain fina izango. 

Bide onera lotu ezinda dabil Baskonia, eta gaurko partidan ere hori ikusi da. Ondo ekin dio, eta ez da gutxi, ostiralean sekulako zaplaztekoa eman baitzion Efesek Euroligan (77-102). Kontuan izanda, gainera, Joventutek ligako azken zazpi partidak irabazita zituela, oso gutxik espero zuten hain hasiera ona etxekoen aldetik. Erasoan oso eraginkor, hirukoak erraz sartzen, eta defentsan estu eta bizi, azkar egin dio ospa Baskoniak Joventuti. Bigarren laurdenean 22 puntu goitik ere ibili da (36-14)

Behera egin du, ordea, denak, une txiki batean. Gainera etorri zaio Joventut, eta gaitzerdi hala ere, atsedenaldira 44-35 aurretik joan delako etxeko taldea. 

Berriz ere bide onean sartu da Baskonia hirugarren laurdenean, eta alde ona lortu du. 66-53 jartzen zuen markagailuan laurden horren amaieran. Azkeneko zatia falta zen, eta hor denetarik gertatu da. Sei minutu falta zirela, lau goitik zen Baskonia, eta aldeak alde izan ditu, une erabakigarri batean izan ezik. Izan ere, Joventutek aurrea hartu dio lehen aldiz, noiz eta minutua falta zenean (84-86), baina Xengeliak hirukoa sartu eta 87-86koa egin du. Azkeneko erasoa kanpotarrek izan dute, baina ez dira gai izan asmatzeko, eta etxean geratu da garaipena. 

Debuta egin du Baskonian azkeneko fitxaketak: Sergi Garcia jokoa antolatzaileak. Hamabost minutuan jokatu du, ez du punturik sartu, eta bi errebote hartu eta bost asistentzia eman ditu. 

FITXA

Baskonia 87: (25+19+22+21): Henry (10), Janning (16),
Stauskas (6), Shengelia (19) eta Eric (14) -hasierako boskotea-, Gonzalez, Diop (7), Sergi Garcia, Fall, Shields eta Polonara. 

Joventut 86: (9+26+18+33): Zisis (6), Prepelic (20),
Ventura, Harangody (12), Omic (7) -hasierako boskotea-, Dimitrijevic
(8), Buford (9), López Arostegui (2), Morgan (10), Zagars (2) eta
Kanter (10).

Epaileak:  Perez Pizarro, Oyon eta Sanchez Cutillas. Ez dute inor kaleratu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.