Zazpigarrenean galdu egin du Osasunak. Sasoi honetan etxean jokatu sei partidetatik lau irabazi eta bi berdinduta ziren atzo arte Jose Antonio Camachoren mutilak, baina zazpigarrenean aurkariak ez zien aukerarik eman. Pep Guardiolarenek egundoko nagusitasuna erakutsi zuten, eta liderraren legeari men egin behar izan zion Osasunak. Bartzelona berandu iritsi zelako 50 minutuko atzerapenarekin hasi zen norgehiagoka, baina autobusetik irten orduko futbolean hasi beharrean izan baziren ere, Guardiolaren jokalariek goitik behera menderatu zuten Osasuna.
Lehendabiziko minutuetan Osasuna hobeto zelairatu zela zirudien. Goian presioa egin eta Bartzelonako atzelariak nahastu nahian berdeguneratu ziren Jose Antonio Camachoren mutilak, eta Guardiolarenek bidai aldrebesa larrutik ordaindu zezaketela ere bazirudien une batez. Atzealdean arazoak izanagatik, Bartzelonako erasoko jokalariak beti bezain eraginkor aritu ziren, dena dela. Messi, Pedro eta Villa lehendabiziko gola egitetik gertu izan ziren, Victor Valdesek Sorianori Osasunaren gola ia-ia oparitu zion bitartean. Ez Villak eta ez Sorianok ez zuten asmatu. Hogeitazazpigarren minutuan Pedrok ez zuen barkatu, ordea. Messiren pase dotorea ederki baliatu zuen Bartzelonako aurrelari gazteak 0-1ekoa egiteko. Ametsetik esnatu zen Osasuna golarekin. Eta kolpe latzari buelta eman ezinda aritu ziren handik aurrera Camachoren mutilak. Bartzelonaren joko dotorea soilik ikusi zuten Nafarroako Erresuman bildu zaleek. Messik bigarren zatian lortutako bi golei esker (bigarrena penaltiz) 0-3 irabazi zuten katalanek, baina jokoa eta aukerak aintzat hartuz gero aldea handiagoa ere izan zitekeen.
Ez jokatzeko zorian
Atzoko partida bertan behera geratzeko zorian izan zen. Bezperan elurraren beldur baziren, eguraldia ez zen aitzakia izan, baina ostiral arratsaldean Espainiako aire-kontrolatzaileek hasi grebak ezustean harrapatu zituen Bartzelonako arduradunak. Ostiral arratsaldean bazekiten zein zen egoera, baina badaezpada bidaia autobusez edo trenez egitea baino nahiago izan zuten Bartzelonakoek azken unea arte hegaldi bat hartzen ahalegintzea. Atzo eguerdian bidaia hegazkinez egiterik ez zutela izango ikusitakoan Bartzelona futbol taldea partida igande arratsaldea arte atzeratzen ahalegindu zen. Eguerdian alde guztiak segurutzat jotzen zuten partida ez zela atzo jokatuko. Espainiako Futbol Federazioaren onespena ere lortu zuen Sandro Rosellek, Bartzelonako presidenteak. Baina Osasunak federazioaren eta Ligaren baieztapenik jaso gabe jarraitzen zuen, eta Patxi Izkok Osasunaren argudioak mahai gainean jarri zituen. «Partidaren ordua eta eguna aldatzeko inolako arrazoirik ez dago legeak eskuetan hartuz gero, eta Bartzelonaren aurkako lehia aurreikusitako orduan jokatzea espero du Osasunak», adierazi zuen Iruñeko klubak hedabideei bidali ohar batetan. Federaziotik partida atzeratzeko aukeraz hitzegiteko telefonoz deitu ziotenean, igandean jokatu behar bazuten ez zirela zelairatuko erantzun zien Izkok. Atzerapenaren baieztapen ofizialik inoiz ez zen iritsi, dena dela. Nafarren haserrea eta partida hitzartutako orduan jokatzeko borondatea ikusita, Bartzelonak bidaia trenez eta autobusez egiteko erabakia hartu zuen, eta korrika eta presaka Bartzelonako Sants tren geltokira jo zuten katalanek, Zaragozara eramango zituen trena hartzera. Zaragozako tren geltokian autobusa zain zuten Pep Guardiolaren mutilek, eta partida ordua baino minutu apur batzuk lehenago Nafarroako Erresuman ziren Bartzelonakoak. Hitzordura ez agertzegatik hiru puntuak Osasunarentzat izan zitezkela ikusitakoan soilik mugitu ziren Rosell, Guardiola eta enparauak. Hiru ordu laurdeneko atzerapenarekinizan arren, partida jokatu egin zen. Bere agintarien aurreikuspen ezak ez zien kalterik egin zelaian katalanei, dena dela. Aldrebes hasi zen eguna Osasunarentzat, eta aldrebes amaitu zen.
Osasuna 0
Bartzelona 3
Osasuna. Ricardo; Nelson, Sergio, Miguel Flaño, Monreal; Puñal (Lolo, 77. min.), Nekounam; Juanfran, Soriano (Lekic, 61. min.),Masoud; eta Camuñas (Pandiani, 41. min.).
Bartzelona. Valdes; Alves, Pique, Puyol, Abidal; Xavi (Keita, 82. min.), Busquets, Iniesta; Villa (Bojan, 88. min.), Messi eta Pedro (Jeffren, 88. min.).
Golak: 0-1. Pedrok (27. min.). 0-2. Messik (64. min.). 0-3. Messik (penaltiz, 82. min.).
Epailea. Teixeira Vitienes. Txartel horiak atera zizkien Osasunako Sorianori, Puñali eta Lolori.
Bestelakoak. 18.043 ikusle Nafarroako Erresuma zelaian.
Aldrebes hasi, eta amaitu
Bartzelonako jokalariek berotzeko astirik ez zuten izan ia, baina Osasuna goitik behera menderatu zuten, hala ere. Partida bertan behera geratzeko zorian izan zen, baina iritsi egin zen Bartzelona azkenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu