Euskaltel-Euskadi taldearen autotik beste perspektiba batekin aztertzen da ibilbidea. Igor Gonzalez de Galdeano nagusiak etengabe hitz egiten du irratiaren bitartez txirrindulariekin eta beste bi kirol zuzendariekin, Jon Odriozola eta Gorka Gerrikagoitiarekin. Mikel Astarloza da taldekideen gidaria. Ibilbidea zehatz-mehatz ezagutzen duen txirrindulari bakarra da, eta hasi aurreko azterketa beldurtzeko modukoa da: «Oso zaila da, arriskutsua, malda ikaragarriekin, garapen handia mugitu beharrekoa. Segundo asko gal daitezke».
Hasiera bera bihurri samarra da. Aldapa behera, harbide samurretik. Kilometro eta erdi egin ondoren hasten da erlojupeko lehen horma, Goiko Etxe jatetxetik Larrea baserrira doana. 130 metroko desnibela gainditzen da 1,2 kilometrotan. Batez bestekoa nahiko erraz kalkulatzen da: %10 baino gehiago. Tartean %15eko pendizak daude, eta han munduko igotzaile onena ere igitaia bezala makurtzen da. Landaluze autora hurbildu da: «Ze kristo da hau? Hemendik al da ziur? Ez da posible, ziklo-krosa dirudi». Galdeano bera harrituta dago, eta Jose Luis Arrietak -ibilbideak prestatzen dituen arduradunak- bidea bizikletan egin duen galdetu du, harrituta.
Gorantz 10-12 kilometro orduko abiaduran doaz txirrindulariak, eta arnasa hartu dute aldapa behera hasi direnean. Tarte txikian, halere, jaitsiera oso arriskutsua delako. 180 graduko bihurgune itxi-itxi bi ditu, mantso-mantso hartu beharrekoak belazera joan nahi ez bada. Bihurgune horietara iritsi aurretik 70-80 kilometro orduko abiadura har dezakete txirrindulari ausartenek. Hatzak balaztari itsatsita eramango dituzte jaitsiera osoan, eta horrek euren kontzentrazioa murriztu dezake. Galdeanoren haserrea sekulakoa da. «Euskal Herriko Itzuliak ez du erlojupeko txar hau merezi. Zertarako bide estu eta malkartsu hauek, erorketa arriskutsuak gerta daitezkeen jaitsierak? Ez dut ulertzen, benetan. Ahalik eta erlojupeko gaiztoena bilatu nahi izan dutela dirudi».
Lesakatik Oiartzunera doan errepidean barrena egiten dira hurrengo bi kilometroak, Treku jatetxe ezaguneko bidegurutzera iritsi arte. Erlojupekoan pasatzen den bigarren jatetxea da. Erlojupekoa ikustera bilduko diren zaleentzat interesgarria, helmugatik gertu Zuberoa jatetxe ingurutik ere pasatuko delako erlojupekoa. Txirrindulariek beste egun baterako utziko dute bisita gastronomikoa, jatetxeak ez dituztelako ikusi ere egingo. Trekutik Gurutzeko gainerantz egiten du bideak, berriro bide estu batetik. Bigarren maldak 1.100 metro ditu, eta 100 metroko igoera. Ez da lehenengo malda bezain gogorra, baina gogorragoa egin liteke, txirrindulariak nekearen eragina sumatzen has litezkeelako.
EGURRA EMATEKO SEI KILOMETRO.Zazpigarren kilometrotik hamahirugarrenera beherantz edo ordeka da, plater handia eta pinoi txikienak erabiltzeko aproposa. A-8 autobideko biribilguneraino jaitsiera azkarra da, errepide onekoa, azken 500 metroetan izan ezik. Handik Zuberoa jatetxeko bidegurutzeraino, laua. Hiru kilometro, ordokizaleentzat apropos-aproposak. Erlojupekoko azken 900 metroek gorantz egiten dute berriro, Oiartzungo udaletxeko enparantzaraino. 30 metroko garaieratik 80 metrora. Gogorra, 20 minutuko muturreko ahaleginaren ondoren.
Txirrindulariek behin bakarrik ikuskatu dute ibilbidea, asmoa bitan egitea bazen ere. «Batekin nahikoa da», bota du Samuel Sanchezek, eta gaur bertan zehatzago aztertzeko denbora izango dutela azaldu. Galdeanori irabaz edo gal daitekeen denboraz galdetu diote kazetariek: «Ez dakit, baina asko. Minutu erditik gora, ziur». Txirrindulariekin erlojupeko bizikleta edo ohikoa erabiliko duten aztertzen ari dela egin du martxa hotelera, arduratuta. Erlojupekoa edonor arduratuta uzteko modukoa delako.
«Euskal Herriko Itzuliak ez du erlojupeko txar hau merezi. Zertarako bide estu eta malkartsu hauek?»
igor gonzalez de galdeano
euskaltel-euskadiko kirol zuzendaria
«Oso zaila da, arriskutsua, malda ikaragarriekin, garapen handia mugitu beharrekoa»
MIKEL ASTARLOZA
EUSKALTEL-EUSKADIKO TXIRRINDULARIA
Aldrebesa
Erlojupeko xelebrea eta arriskutsua prestatu dute antolatzaileek gaurko, baserri bide piko estuetatik; 14 kilometro ditu, laburra da, baina denbora asko gal edo irabaz daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu