Elkarrizketa aurrerapena

Alejandro Valverde: "Egunero ohetik jaiki, errugabea naizela ikusi, eta lanean jarraitzeko indarra sentitzen dut"

Dopin akusazioaren mamua gain-gainean duela hasiko du astelehenean Euskal Herriko itzulia Alejandro Valverde txirrindulari espainiarrak (Caisse d'Epargne). Hala ere, errugabea dela ziurtatu du, eta gogotsu abiatuko dela Zierbenako irteera lekutik. Bihar plazaratuko du elkarrizketa BERRIAk.

2010eko apirilaren 1a
15:40
Entzun
Alejandro Valverde Caisse d'Epargneko txirrindulari espainiarra da Euskaltel-Euskadiko Samuel Sanchezekin batera satelehenean Zierbenan (Bizkaia) hasiko den Euskal Herriko itzulia irabazteko faboritoa. Dopin akusazioaren itzala dela-eta, momentu zaila bizi du, ordea, Valverdek.

Baina arazo horien gainetik motibatuta dagoela agertu dio BERRIAri, gogotsu Euskal Herriko Itzuli on bat egiteko, eta, halaber, gogotsu dopinaren auzian behin betiko errugabe dela erakusteko.

Bihar plazaratuko du BERRIAk Valverderi egindako elkarrizketa, baina hona hemen aurrerapen gisa txirrindulariaren adierazpenen entresaka.

Euskal Herriko Itzulia

"Nahiko sasoi onean iritsiko naiz Zierbenako irteerara. Ez nago nahi nukeen bezain ondo, ez nago bete-betean, baina gaizki ere ez nago, eta lasterketa buruan ibiliko naiz, etaparen bat irabazteko borrokan".

Presioa

"Presioa gustatzen zait, baina gehiegi ere ez, nik nahikoa jartzen baitiot neure buruari. Txirrindulari batzuek hobeto aritzen dira zuzendariaren presiopean, baina nire kasuan neuk egiten dut lan hori. Etxean egotea gustatzen zait, aparteko presiorik gabe egin beharrekoa ondo egiteeko".

Dopin akusazioa

"Justizian sinetsi beharra dago, bestela ez baitakit zer egin daitekeen. Kirol arloko justizia da niri dagokidana. Epaileen justiziaz ariko bagina hizketan, badakit ez legokeela inolako arazorik. Baina kirol arlokoa denez, ederki izorra zaitzakete. Egoera zaila da, deserosoa. Urte asko dira jada borrokan, ez da hilabete batzuetako kontua. Aspaldi hasitako auzia da, eta erabakia dena delakoa dela ere, jakiteko gogoa daukat jada, hara eta hona erotzen ibili gabe".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.