Nahi zuen lekuan eta nahi zuen moduan. Horrela irabazi du Alejandro Valverdek (Movistar) Fleche Wallone klasikoa. Indarrak bikain neurtuta, Huyko igoeran tropel buruko mugimenduak ondo zaindu eta helmugara iristeko 150 metro falta zirela jo du erasoa espainiarrak. Bi besoak altxatuta, gozatzeko denbora ere izan du Movistarreko taldeburuak azken metroetan. Dan Martin (Garmin) helmugaratu da bigarren, eta Michal Kwiatkowski (Omega) hirugarren. Egun osoan kontrol lan ona egin du Movistar taldeak, Katuxarekin batera, eta, Navardauskas (Garmin), Van Hecke (Topsport Vlaanderen) eta Clarkeren (UnitedHealthcare) saiakera bertan behera utzi ondoren, tropel nagusiak bat eginda ekin dio azken igoerari.
Indarrek agintzen duten lekuan, saria jaso du, azkenean, Movistarrek. Joaquim Rodriguez (Katuxa) erori egin da helmugara iristeko hiru kilometro falta zirela, eta lehiatik kanpo geratu da. Philippe Gilbertek (BMC), berriz, asko sufritu du Huyko azken igoeran, eta hamargarren postuan helmugaratu da, azkenean, Amstel Gold Raceko garailea. Gorka Izagirre (Movistar) izan da lehen euskalduna, 22. postuan, Valverderengandik 32 segundora.
Aurretik, Valverderen gisa bereko erakustaldia eman du Pauline Ferrand-Prevot frantziarrak (Rabobank), eta garaipen handia lortu du, Lizzie Armitsteadi (Boels Dolmans) eta Elisa Longo Borghiniri (Hitec Products) aurrea hartuta. Taldekidearen garaipenarekin zoratzen, seigarren postuan helmugaratu da egungo munduko txapelduna, Marianne Vos herbeheretarra. Ane Santesteban (Cipollini) izan da euskaldunik onena, 26. postuan, irabazlearengandik 2.29 minutura.