Alejandro Valverde (Movistar Team) zen faborito nagusia eta usteak on egin ditu Miguel Indurain Sari Nagusian. Espainiarrak nagusitasun handiz irabazi du helmugatik 15 kilometrotara jotako eraso ikusgarri bati esker. Espainiarrak minutu batetik gorako atera dio Tom Jelte Slagterri (Garmin) Puyko Gaineko helmugan. Valverde sasoi betean dago Euskal Herriko Itzuliari ekiteko.
Irabazleak Lizarrako helmugatik hamabost kilometrotara zegoenean erasoa jo eta atzean utzi du berarekin ihesean zebiltzan beste zortzi txirrindulariak —John Gadret, Jesus Herrada, Ion Izagirre, (Movistar), Andre Cardoso, Fabian Wegmann (Garmin), David Arroyo (Caja Rural), Sergei Txernetski eta Yury Trofimov (Katusha)—. Lau kilometrotan tartea ireki eta minutu erdik gorako aldearekin pasa da Eraulgo gainetik. Azken kilometroetan ahalegin betean jarraitu du eta are gehiago ireki du tartea Puyko aldapetan. Miguel Minguez (Euskadi) izan da lehen euskal herritarra.
Sailkapena.
1.Alejandro Valverde (Movistar Team)
2.Tom Jelte Slagter (Garmin).
3.Sergei Txernetski (Katuxa).