TXIRRINDULARITZA

Alejandro Valverdek irabazi du Arraten, eta bera da Espainiako Vueltako lider berria

Helmuga marraren gainean aurreratu du Joaquin Rodriguez. Beñat Intxausti izan da lehen euskalduna.

2012ko abuztuaren 20a
18:42
Entzun

Alejandro Valverdek (Movistar) irabazi du Espainiako Vueltako hirugarren etapa —Oion eta Arrate artean, 155 kilometro—, eta bera da itzuliko lider berria. Joaquin Rodriguez (Katuxa) izan da bigarren. Hura sartu da aurretik Arrateko azken bihurgunean, baina garaipena eskura zuela, eseri egin da, pedalei gogor eragiteari utzi dio, eta atzetik zetorren Valverdek helmuga marran bertan pasa du. Jonathan Castroviejo (Movistar), orain arteko liderra, Arrateko lehenengo maldetan geratu da atzean.

Alberto Contador (Saxo Bank) izan da Arraten gora kementsuena. Valverdek izan da faboritoen taldeko sua piztu duena, baina ekimena Contadorrek eraman du. Behin eta berriz jo ditu erasoak; Rodriguez eta Valverdek ondo eutsi diote, eta pixka bat justuxeago, Chris Froome Skyakoak. Hala, laukote horrek harrapatu du gaina aurretik, eta aldapa behera Valverde izan da garaipena lortzeko abilena. Sei segundora hamar txirrindulariz osatutako taldetxo bat sartu da; bertan ziren Beñat Intxausti (Movistar) eta Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) euskaldunak.

Markel Irizar (Radioshack), Andrey Zeits (Astana), Pim Lightart (Vacansoleil), Christophe Riblon (Ag2r), Nico Sijmens (Cofidis), Philippe Gilbert (BMC), Sergio Carrasco (Andalucía) eta Dominique Rollinek (FDJ) osatu dute eguneko ihesaldia. Eibarko kaleetan harrapatu ditu pelotoiak. Elkar ondo hartuta ibili dira, baina atzetik Movistarrek lasterketa kontrolpean eraman du.

Bihar Barakaldo eta Valdezcarayren arteko 160,6 kilometroko ibilbidea egingo dute. Helmuga lehenengo mailako mendatean egongo da. 

Etapako sailkapena

1. Alejandro Valverde (Movistar). 3.49.37.
2. Joaquin Rodriguez (Katuxa). d.b.
3. Chris Froome (Sky). d.b.
4. Alberto Contador (Saxo). d.b.
5. Dani Moreno (Katuxa). 6ra.
6. Bauke Molllema (Rabobank). d.b.
7. Eros Capecchi (Liquigas). d.b.
8. Beñat Intxausti (Movistar). d.b.
9. Andrew Talansky (Garmin). d.b.
10. Robert Gesink (Rabobank). d.b.

Sailkapen nagusia

1. Alejandro Valverde (Movistar). 8.46.56.
2. Beñat Intxausti (Movistar). 18ra.
3. Joaquin Rodriguez (Katuxa). 19ra.
4. Chris Froome (Sky). 20ra.
5. Alberto Contador (Saxo). 24ra.
6. Bauke Mollema (Rabobank). 28ra.
7. Robert Gesink (Rabobank). d.b.
8. Rigoberto Uran (Sky). 30era.
9. Dani Moreno (Katuxa). 33ra.
10. Igor Anton (Euskaltel). 46ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.