Europako futbolak buru berria du: Aleksander Ceferin, 48 urteko abokatua eta Esloveniako Futbol Federazioko presidentea. UEFAko kideek bozen bitartez hautatu dute Atenasen antolatutako ohiz kanpoko batzarrean. Lehia ez da estua izan Michel Van Praag herbeheretarrarekin. Presidente berriak 42 boz lortu ditu, aurkariak hamahiru soilik izan dituelarik. Buru berriak bi urte eta erdiko kargua beteko du; hots, Michel Platiniri gelditzen zitzaion kargu hondarra.
Preseski, Michel Platini batzar orokorrean egon da bere mandatua kongresuaren eskuetan uzteko: "Kontzientzia ona dut, faltarik egin ez dudala ziur nago; beraz, borroka judiziala segituko dut". Anartean, FIFAren partez 1,8 milioi euro jasotzeagatik lau urtez "futbolari lotutako edozein aktibitatez urrun egon" beharko da frantziarra.