Erraz irabazi zuen Kanadan jokatzen ari den Munduko Kopako atzoko partida Alermaniak; hamar gol sartu zizkion Boli Kostari. Horrenbestez, Norvegiarekin batera, bi taldeak doaz aurretik Munduko Kopako B multzoan, biak ala biak hiruna punturekin. Norvegiak 4 eta 0 irabazi zion Thailandiari atzoko partidan.
Bi talde hauen parean, A multzoan, Kanada eta Herbeherak daude lehen postuetan bakoitza hiru punturekin.
Gaur beste lau partida jokatu dira: bi D multzokoen artean; Suedia-Nigeria eta AEB-Australia; eta beste bi C multzokoen artean; Kamerun-Ekuador eta Japon-Suitza.
Inoiz baino selekzioa gehiago
Kanadako Munduko Kopako aurtengo ekitaldian, aldaketa nabarmena dago, inoiz baino selekzio gehiago ariko baitira: 24 —aurrekoetan gehienez hamaseik parte hartu zuten—. Horrek izango du ondoriorik, inoizko luzeena izango baita: ia hilabete iraungo du, joan den larunbatetik uztailaren 5era, hain zuzen. 24 selekzio horiek sei multzotan egongo dira banatuta, eta multzo bakoitzeko aurreneko bi sailkatuak zuzenean pasatuko dira kanporaketetara. Beste laurak, berriz, hirugarren sailkatuen artetik lau onenak izango dira. 52 partida jokatuko dituzte guztira txapelketan, eta horietatik 41 ikusi ahal izango dira zuzenean telebistaz, Eurosport katean.
Parte hartzaile asko bai, baina haien artean bada alderik. AEBek eta Alemaniak koska bat gorago dirudite. Mundu osoko selekzioak elkarrekin aritu diren 11 aldietatik —sei aldiz Munduko Kopan eta bostetan Olinpiar Jokoetan—, zortzitan nagusitu da bi horietako bat. Garaipen zerrendan, hala ere, estatubatuarrak dira aurretik: lautan izan dira olinpiar txapeldun, eta bitan munduko txapeldun; alemaniarrak, berriz, bitan izan dira munduko txapeldun. Nolanahi ere, ez bata ez bestea ez da egungo munduko txapelduna, Japonia baizik. Horrek esan nahi du ezustekoak egon ohi direla. Eta Kanadan ere egon daitezke. Japonia bera, Kanada, Brasil, Frantzia, Espainia... izen horiek dabiltza dantzan ezustekoa eman dezaketen selekzioen artean. Azken bi selekzio horietan izango da euskal herritarrik. Philippe Bergeroo entrenatzaile ziburutarra da Frantziako hautatzailea. Espainian, berriz, bost euskal jokalari ariko dira: Athleticeko Ainhoa Tirapu, Irene Paredes, Eli Ibarra eta Erika Vazquez, eta Bartzelonako Leire Landa.