ALEMANIA 2-0 AUSTRIA

Alemania, Europako Txapelketako finalerdietara

2-0 irabazi dio Austriari, Buhlen eta Poppen golei esker. Austriarrek, aukera ugari izan dituzten arren, ez dute atea zulatzea lortu.

Alemaniako selekzioko Magull (eskuinean) eta Huth (ezkerrean), lehen gola ospatzen, Londresen. NEIL HALL / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 21a
23:03
Entzun

Europako Txapelketako titulua bederatzigarrenez irabaztea gertuago du Alemaniak, finalerdietan baita, Austriari 2-0 gailendu ostean, Londresko Brentford estadioan. Hori bai, alemaniarrek galtzak bete lan izan dute garaipena erdiesteko; izan ere, Austriak oldarkor jokatu du, baita aukerak eduki ere. Halere, ate aurrean asmatzen duenak jasotzen du saria, eta horretan Alemania izan da eraginkorrena. Buhl eta Popp izan dira golegileak, eta alemaniarrek gisa horretara gainditu dute final-laurdenetako galbahea. 2017ko Europako Txapelketan ez ziren gai izan harresi hura gainditzeko. Bada, Voss-Tecklenburgek zuzendutako selekzioak arantza kentzea lortu du.

Alemaniak eta Austriak aurrenekoz neurtu dituzte indarrak final-laurdenetan. Alemania, selekzio zaildua eta erasokorra; Austria, berriz, multzoen fasean ezustekoa eman duena, baina ausarta. Partida hasierako gidoia esperotakoa izan da. Alemaniak ezarri du jokoaren erritmoa. Dena den, Austriak sortu du lehen aukera, 8. minutuan; Hickelsberger-Fullerrek, eskuin hegaletik, defentsa lerroa bikain gainditu ostean, area kanpotik jaurti du, baina Frohms atezainak arazorik gabe gelditu du. Ostera, alemaniarren erantzuna berehala etorri da; hurrengo erasoan, Huthek eskuinetik erdiratu eta gero, Popp kapitainak penalti ingurutik gora bidali du.

Alemaniak argi eta garbi erakutsi du multzoen faseko partidetan pase gutxirekin aurkariaren areara erraz heltzen zela, baita golak sartu ere. Hain zuzen, Voss-Tecklenburgen taldea aurreratu da, 25. minutuan. Presio eraginkor baten ostean, Austriako atezainak deseroso urrundu du baloia, eta, Buhlek ezkerretik erdiratu ostean, Poppek baloia atzetik igarotzen utzi du; zain baitzegoen Magull, eta Bayern Municheko jokalariak, lehor-lehor, baloia sarera bidali du. Bigarren gola du txapelketa honetan.

Lehen zatiaren amaieran, Alemania bigarren gola sartzeko zorian izan da; Huthek ezker hegaletik sukalderaino sartu da, baina Zinsberger atezainak bikain erantzun dio. Horrela heldu dira atsedenaldira.

Nahi eta ezin

Aurreneko zatian bezala, Alemaniako selekzioko jokalariak txinpartarik gabe zelairatu dira, eta Austriak izan du bigarren zatiko lehen abagunerik garbiena, 52. minutuan; Dunstek, oso urrunetik, eskuinez, zartako ederra eman dio baloiari, eta langan jo du. Handik gutxira, markagailua berdintzeko beste ahalegin bat egin dute austriarrek; korner baten ostean, Puntigam erdilariak jaurtitako baloiak zutoinean jo du. Sinetsi ezinik zeuden austriarrak. Fuhrmannek gidatutako selekzioa estu hartzen ari zen Alemania.

Minutuak aurrera joan ahala, markagailuak bere horretan jarraitu du, Alemaniaren mesederako. Une batez, aldea handitzeko aukera handia izan du; Buhlek Austriako atzelari bati izkin egin ondoren, bizi-bizi eman dio baloiari, baina langan jo du. Segidan, 21 urteko hegalekoa lehia erabakitzear izan da: baloia kanpora bota du atea hutsik zuela. Partidako azken hatsean, ordea, Alemaniak zortea alde izan du; Zinsberger atezainak baloia urruntzeko orduan, Poppen ezker hankan jo eta ate barrura joan da. 2-0. Baten poza, bestearen etsipena.

Alemaniak Frantziako selekzioaren eta Damaris Egurrolaren Herbehereen arteko neurketako irabazlea izango du aurkari finalerdietan, uztailaren 27an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.